Uztailaren 17an Jaizkibelera irteera egingo du Lagun Onakek

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2022ko uzt. 8a, 12:01
Jaizkibel mendia. (Lezoko Udala)

Haurrentzako, gaztetxoentzako nahiz helduentzako egokia da Lezo eta Hondarribia arteko ibilbidea. Dagoeneko eman daiteke irteerarako izena.

Uztailaren 17an, igandez, itxiko du Lagun Onak Mendi Bazkunak uda aurreko ibilaldien agenda. Egun horretan Lezo eta Hondarribia lotuko dituzte mendizaleek, Jaizkibelgo tontorretik pasatuta. Haurrentzako, gaztetxoentzako nahiz helduentzako egokia da hamahiru kilometroko ibilbidea. Egun pasa egingo dute txangora joaten direnek; zehazki, goizean mendian ibilita, arratsaldean hondartzara joango dira, eguraldiak laguntzen baldin badu behintzat.

Dagoeneko eman daiteke irteerarako izena Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean. Bazkideek hamar euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, berriz, hamabost euro. Ordainketa autobusean egingo dute. Uztailaren 17an, 09:00etan aterako da autobusa anbulatorioaren aurretik.