Hura eguna larunbatekoa!

Giro ezin hobean igaro zen larunbatean elkartearen hiru mende laurdenak ospatzeko antolatutako 75 Urte eguna.

Pasa den larunbatean ospatu zuen Lagun Onak Mendi Bazkunak elkartearen #75 Urte eguna. Udazkenean zen egitekoa eguna, baina pandemiaren ondorioz, atzeratu egin behar izan zuten data, eta 75+1 urtemugaren ospakizun bilakatu zitzaigun azkenean. Eguna borobila izan zen, eta momentu hunkigarriak, festa, umeentzako ekintzak, parte hartze handia… denetik izan zuen.

09:00etan hasi genuen ospakizuna, txistularien atzetik kaleak zeharkatu eta Arauntza mendira igota, elkarte bezala 1946an zapaldu genuen lehenengo gailurrera. Elkarteko kideez eta lagunez gain, eskola kiroleko irteera izan zen ibilaldia, eta ehunka laguneko taldea elkartu ginen. Gailurrean, aurreskua eta lore eskaintza izan ziren, urte hauetan guztietan utzi gaituzten elkarteko kideei eskainita

Behin kalera jaitsita, harrera oso ona izan zuten umeentzako jolasak eta puzgarriak izan genituen plazan, eguerdi partean eta arratsaldean, 20:00ak arte. Bazkal aurretik, elkarteko batzarkide izan direnen familia argazkia atera genuen, eta mendi bazkunaren bueltan dabiltzan lagun guztien topaleku bihurtu zen plaza.

Bazkariari erreparatuta, eskerrak eman beharrean gaude Elikaguneari, egun osoan zehar egin zuten lan txukunagatik eta eskainitako otordu ederragatik. Jan-edanaz gain, trikitilariek eta bertsolariek girotu zuten topaketa, eta hainbat sari eta oroigarri banatu ziren: elkartearen 50. urtemugatik hona lehendakari izan direnek piolet pertsonalizatu bana jaso zuten, eta #75gailur erronka osatu duten lagunek egitasmoa osatu izanaren garaikurra. Horien artean, gainera, Halcon bidaia agentziak eskainitako asteburu pasa ere zozkatu zen. Hortik aurrera, giro onean jarraitu zuen festak, eta izan ziren ospakizuna ordu txikiak arte luzatu zutenak ere.

Elkartearen izenean, eskerrak eman nahi dizkizuegu Lagun Onakek 75 urte egitea posible egin duzuen guztioi: batzordekideei, boluntarioei eta laguntzaileei, ekintzetan parte hartu dutenei, autobus gidariei, egiten ditugun egitasmoen babesleei, erakundeei, udalari, mendi federazioei, gurekin elkarlanean aritzen diren gainerako elkarteei… era batera edo bestera, gure Lagun Onak Mendi Bazkunari ekarpenena egin dioten guztiei, inor ahaztu gabe. Eta nola ez, aipamen berezia, urte hauetan utzi gaituzten elkartekide denei.

Izan zirelako gara, eta garelako izango dira. Segi dezagun elkarrekin bidea egiten.

75 Urte Eguneko argazki galeria osoa hemen duzue ikusgai.