76 lagunek osatu dute Azpeitia-Bilbo egitasmoaren uda aurreko azken etapa

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2018ko eka. 19a, 13:54

Joan den zapatuan egin zuten Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Azpeitia-Bilbo egitasmoaren seigarren etapa. 76 lagun elkartu ziren Bakio eta Plentzia arteko 19 kilometroko ibilbidea osatzeko.

08:00etan, eguraldi kaskarrarekin, abiatu ziren autobusean Azpeititik Bakiora. 09:30 inguruan ekin zioten ibiliari, ateri zela eta inguruaz gozatzeko aukera ematen zuen eguraldiarekin. GR:123-1 Bizkaiko itzuliko ibilbideari jarraituta, Jatamendi aldera igotzen hasi ziren. Igoeran, Gaztelugatxe, Matxitxako... izan zituzten ikusmira. Jatamendi azpikaldetik pasatuta, Goieta-Maruritik zehar iritsi ziren Lemoiz parera. Handik Armintzara jo zuten, bazkaltzera.

Bazkalostean, oraindik 8-9 kilometro gelditzen zitzaizkien helmugarako. Armintzatik gora ekin zioten, Ermuamendira. Ordurako eguraldi bikaina zuten lagun, eta inguru ederrak begien aurrean, aurreko etapetan atzean utzitakoak zein hurrengorako gelditzen zaizkienak: Barrika, Sopela, Getxo... Bidean aurrera eginez, Gorlizko itsasargira heldu ziren aurrena, eta segidan Azkorriagako gotorlekuaren aztarnetara.

16:20 aldean bukatu zuten ibilaldia, Gorlizko hondarztan. 17:00etan hartu behar zuten autobusa, eta jendeak hartu zuen tartea tragoren bat hartzeko edota bainuren bat hartzeko ere bai.

Azpeitia-Bilbo egitasmoaren uda aurreko azken ibilaldia izan zen zapatukoa. Hilabete batzutako atsedenaren ondoren, irailean iritsiko da hurrengo hitzordua, Plentzia eta Getxo arteko etaparekin.

Hemen, Bakio-Plentzia ibilaldian hartutako argazki batzuk ikus daitezke; guztiak ikusi nahi dituenak, lotura honetan ditu.

Argazki horietako batzuekin osatutako bideo hau ere prestatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak: