Zabalik dago Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren hirugarren etaparako izen-ematea

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2018ko mar. 5a, 19:15

Hirugarren ibilaldia Lekeitiotik Elantxobera artekoa izango da, eta martxoaren 17an, zapatua, egingo dute.

Eman daiteke izena Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren hirugarren etapan. Martxoaren 17an egingo dute Lekeitiotik Elantxobera arteko ibilbidea, eta bertan parte hartu nahi dutenek hilaren 15a baino lehen eman beharko dute izena. 

Hirugarren etapan parte hartuko duten lagunak anbulatorio aurretik autobusez irtengo dira Lekeitiora, 08:00etan. Han hasiko dira ibiltzen, eta Otoi mendira (395 metro) igoko dira. Jarraian, Ispasterrera jaitsi eta handik Bedarona auzotik Eara joango dira. Ondoren, Elexalde igaroko dute, Elantxobera iritsi arte. Ibilbidearen zati handi bat GR-123 errepidea jarraituta egingo dute. Lagun Onak MBren aurreikuspenen arabera, parte-hartzaileak 16:30-17:00ak aldera iritsiko dira Elantxobera. 

Ibilbidean zehar bi geldialdi egingo dituzte. Aurrena 15 minutukoa izango da, hamaiketakoa egiteko. Bigarrena, berriz, 30 minutukoa, bazkaltzeko. Norberak eraman beharko du jatekoa. 

Izen-ematearen inguruko xehetasunak

Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoaren hirugarren etaparako izen-ematea www.lagunonakmb.org webgunean edo Xiriako gozotegian egin daiteke, martxoaren 15a bitartean. Mendi bazkunako bazkideek 6 euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta bazkide ez direnek, berriz, 8 euro. 

Joan zen urtarrilean jarri zuen martxan Azpeitia-Bilbo 2018 egitasmoa Lagun Onak mendi bazkunak. Guztira, zortzi etapa antolatu dituzte, denak 20-25 kilometro artekoak dira, eta GR eta PR izeneko ibilbideetan zehar egingo dituzte. Dagoeneko bi inbilaldi osatu dituzte: Azpeitia eta Deba artekoa (1.etapa) eta Debatik Lekeitiora artekoa (2.etapa).

Honako hauek dira Azpeitia-Bilbo 2018ko hurrengo etapak:

3- Lekeitio-Elantxobe. 21 kilometro. Martxoaren 17an, zapatua.

4- Elantxobe-Bermeo. 23 kilometro. Apirilaren 14an, zapatua.

5- Bermeo-Bakio. 18 kilometro. Maiatzaren 12an, zapatua.

6- Bakio-Plentzia. 23 kilometro. Ekainaren 16an, zapatua.

7- Plentzia-Getxo. 22 kilometro. Irailaren 15ean, zapatua.

8- Getxo-Bilbo. 17 kilometro. Urriaren 20an, zapatua.