Astebururako bi irteera antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2016ko mar. 9a, 10:59

Urkulu-Kurutzeberri-Andarto-Urkulu ibilaldia prestatu dute helduentzat zapaturako. Igandean, aldiz, Gaztetxoen Ibilaldi Neurtua izango da Zestoan. Bihar, osteguna, amaituko da bi irteeretan izena emateko epea.

Datorren astebururako, martxoak 12 eta 13, bi irteera antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak. Zapatuan helduentzat ibilaldia izango da eta igandean, berriz, gaztetxoen eskolarteko mendi lasterketa, Zestoan.

Urkulu-Kurutzeberri-Andarto-Urkulu

Zapaturako Urkulu-Kurutzeberri-Andarto-Urkulu egun osoko ibilaldia antolatu dute, helduentzat. Autobusa 08:00etan irtengo da anbulatorio aurretik eta Urkuluraino joango dira. Handik abiatu eta Kurutzeberri eta Andarto mendiak igaroko dituzte, guztira 25 Km inguru izango ditu ibilbideak. Ibilaldia berriro Urkulun amaituko da eta han autobusa hartuko dute, Azpeitira itzultzeko.

Osteguna, martxoak 10, baino lehen eman behar da izena Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan edo www.lagunonakmb.org webgunean. Bazkideek 4 euro ordaindu beharko dute izen-ematea eta bazkide ez direnek 6 euro. Ikasle eta langabetuek, aldiz, 3 euro.

Gaztetxoen Ibilaldi Neurutua

Igandean, martxoak 13, Gaztetxoen Ibilaldi Neurtua izango da Zestoan, Eskolarteko XXIX. Mendi Lasterketa, hain zuzen. Bertara joateko autobusa antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak eta 08:30ean irtengo da anbulatorio aurretik. Izen-emate epea zabalik dago, eta bihar da izena emateko azken eguna. Lagun Onak Mendi bazkunaren webgunean edo lagunonakmb@hotmail.com helbidera idatzita eman daiteke izena. Bazkideek 2 euro ordaindu beharko dute eta bazkide ez direnek, aldiz, 4 euro.


Ibilbideak eta informazio gehiago, hemen.