23 lagunek hartu zuten parte Izarraizko biran

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2014ko urt. 13a, 22:31
Goizeko 8:00etan 23 laguneko taldea osatu genuen Izarraitzi itzulia emateko. Eguraldi bikaina zetorrela nabaria zen. Oskarbi zen goizetik, nahiz eta giro fresko egin. Oinez hasi eta aurrena Komuntzo baserrira igo ginen, bertatik berehala Takolora pasatzeko. Izarraizko baserri izenak ikasteko ibilaldi aproposa izan zen, gainera. Xoxotera garamatzan ohiko ibilbidetik gora Arantzeta, Bildotxolak atzean utzita, ia Urretara iristerakoan, Lastaola eta Alabier baserritara eramaten duen bidea hartu genuen.\ \ Jada PR-GI 138 Azpeitia eta Zestoa lotzen dituen ibilbideari segika ginen, haitz Bakar azpikaldetik eta Oranda baserrien gainekaldetik Zestoako lurretara iristen. Ondarbaso aldetik Soldadusoro baserri parean egin genuen bat Zestoatik abiatzen den PR-GI 137 ibilbidearekin. Bide hari jarraituz, Goltzibar baserriaren aurretik igaroaz Attola baserrira eta ondoren Attolako atsedenlekura iritsi ginen.\ \ Jendea gustora ibili zen, giro aparta zegoen ariketa egiteko, nahiz eta Goltzibar inguru horretan haizeak gogor astintzen zuen. Hamaikak ingurua, Attolako aparkaleku ingurura iristean, mokadutxoa egin genuen.\ \ Indarberrituta PR-GI 41 ibilbideari jarraituaz joan ginen Azkoiti aldera, bidegorriarekin topo egin arte. Bidegorrian behera Azkoitiko Aitza baserriraino jeitxi ginen. Bertan PR-GI 147 ibilbidea, Izarraitz magaleko baserrien ibilbidea, hartu eta Pikua baserritik barrena Arana baserri ondotik pasaz, Azpeitiko lurretara itzuli ginen. Sahatseta baserrira aurrena eta bertatik goizean pasa gabe utzi genuen Urretara. Dagoeneko Azpeitia begi bistan genuela berriro Xoxoteko ohiko bidean bera goizean goranzkoan pasatako baserrietan behera jaitsi genuen. 13:30etako kanpaiekin batera iritsi ginen Azpeitiko plazara, 21,4 kilometroko ibilbide bikainari amaiera emanez.\ \ Argazkiak ikusi nahi izanez gero: https://plus.google.com/b/116992121268465621500/photos/116992121268465621500/albums/5968492304046544881