Astebukaeran bi irteera aukeran

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2013ko ots. 20a, 19:48

Otsailaren 23an, zapatua, helduek egun osorako ibilaldia dute, Uzturre igo eta ondoren sagardotegiko bazkariarekin. Mendizale gaztetxoek, berriz, zapatu eta igande Lintzan ipar eskia egiteko aukera izango dute. Bi irteeretan izena emateko azken eguna bihar da, otsailak 21.

Lagun Onak Mendi Bazkunak bi irteera berezi prestatu ditu asteburu honetarako. Otsailaren 23an, zapatua, helduek egun osorako ibilaldia dute, Uzturrera igo eta ondoren sagardotegiko bazkariarekin. Mendizale gaztetxoek, berriz, zapatu eta igande Lintzan ipar eskia egiteko aukera izango dute. Bi irteeretan izena emateko azken eguna bihar da, otsailak 21.

Helduen egunpasari dagokionez, goizeko 08:00etan aterako dira Azpeitiko plazatik. Ibarrako Izaskun auzotik Uzturrera igo eta ondoren Lizeaga sagardotegian bazkaria egingo dute, arratsaldean herrirako buelta autobusez egin aurretik. Elkarteko bazkideek 4 euro, bazkide ez direnek 6 eta ikasle eta langabetuek 3 euro ordaindu behar dute irteera. Bazkaria sagardotegian bertan ordainduko dute.

Mendizale gaztetxoak ere zapatu goizeko 08:00etan abiatuko dira Azpeititik, autobusa plazan hartuta, Lintza aldera. Hango aterpean hartuko dute ostatu eta, larunbat eta igandez, Lintzako ipar eskiko pistetan eskiatzeko aukera izango dute. Prezioari dagokionez, gaztetxoen kasuan bazkideek 27 euro eta bazkide ez direnek 35 euro ordaindu behar dute, eta helduen kasuan bazkideek 41 euro eta bazkide ez direnek 50. Autobusa, larunbateko afaria, igandeko gosaria eta bazkaria, eta aterpeko egonaldia sartzen dira prezio horien barruan. Eskien alokairuagatik eta pistagatik, gaztetxoek 5 euro eta helduek 7,5 euro ordaindu beharko dituzte.

Izen-emateak, bi irteeretarako, otsailaren 21erako egin behar dira, Lagun Onak MB-ren egoitzan edota www.lagunonakmb.org webgunean edo lagunonak@euskaltel.net helbide elektronikoan.