Eusko labeldun oporrak

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Arellano 2016ko ira. 22a, 19:16

Igaro dira oporrak, lanera bueltatu garenean izan dugu bai zer esan eta zer entzun... Ez dakit zein lekutan ibili diren batzuk, ez dakit nongo puntan beste batzuk. Eta ni hemen ibili naizela esanez, harro.

Gure kostaldetik igerian eta egun zoragarri batzuk disfrutatzen ibili naiz. Guztia, aurten etxean gelditu naizelako eta igeritarako joera eman didalako. Aukera izan dut Gipuzkoako eta Bizkaiko kostan hainbat zeharkaldi egiteko eta, bide batez, herri horiek ezagutzeko. Barruko turismoa egiteko aukera izan dut: gure herri honetako bide ezberdinetatik barrena ibiliz.

Eta guzti horren arrazoia, ba urte osoan Izarraitz igeri elkartean Masterretan ibili naizela da. Astero hiru edo lau saiotan igerian entrenatzen ibili naiz. Gai izan naiz uda honetan zortzi itsas zeharkaldi egiteko, kilometro eta erdikoak zein hiru kilometrokoak. Denak hasi eta denak amaitu ditut. Inongo presiorik gabe eta lotsarik ez pasatzeko moduan (burutik ere ez zait pasatzen lotsa pasatu behar denik ia azkenak iritsitakoan ere), nire neurrian eta nire erritmoan. Zeharkaldi bakoitza disfrutatzen eta lagunarteaz gozatzen egin dut.

Ikasturtea hasi berri dugu eta aurten ere jarraitzeko asmoarekin nago. Eta harro, 4. kalea aldarrikatu nahi dut. Dabiltzala triatletak lehen kalean, igerilariak bigarrengoan, baina popularrok ere gure lekua eta esparrrua behar dugu. Popularrok gehiago izateko jendea animatu nahiko nuke. Adina ez da aitzakia bat —beteranoetan sartuko naiz ikasturte honetan—, gogoa eta borondatea besterik ez da behar. Buruko osasuna eta fisikoa indartzeko balio du igeri egiteak, eta oreka hori egunerokotasunean antzematen da. Beraz, animatzea besterik ez zait gelditzen. 4. kalea guztiontzat!