Sartaguda I

Erabiltzailearen aurpegia Juan Joxe Agirre 2009ko eka. 2a, 01:06

SARTAGUDAKO MEMORIAREN PARKEA ( Hango idatzietako bat)

Nafarroako Parlamentuak 2003ko martxoaren Osoko Bilkuran babestu izenpetu zuen

“ 1936ko gerraren ondorioz fusilatutako herritar nafarrak omentzearen eta haiei dagokien ordain morala ematearen aldeko adierazpena ”, “1936ko kolpe militarraren ondorioz Fusilatu eta Desagerturikoen Senitartekoen Elkarteak ” proposatutakoa. Besteak beste honako adierazpen hauek egiten ziren:

Gauza jakina dugu ezen Nafarroan, alegia Errepublika demokratikoa eraitsi zuen golpe militarra prestatu zen lekuetako batean, 1936an borroka militarrik ez zela izan, eta halere hiru mila lagun inguru erail zituzten, Errepublikaren alde zeudela uste izateagatik edo zituzten ideiengatik.

Franco diktadorearen heriotzaren ondorenean, maiz hildakoen ahaideek eta lagunek atera zituzten hilotzak ezpondetatik, soroetatik edo paretetatik. Dena eguargiz egin zuten, hurbilenganako maitasunez eta duintasunez, baina aitorpen ofizialik gabe.

Gaur lur maite honetan, isiltasunezko lainoak estalirik daude gertaera haiek Nafarroako milaka herritarrengan ondorio zuzenak izan zituzten arren, herritar horiek, intimitatean baina beldurrez, belaunaldiz belaunaldi transmititu dute tragedia lazgarri hura.

...Nafarroako Parlamentuak adierazten du gizon eta emakume haiek zitalki erail zituztela, epaiketarik gabe eta inolako justifikaziorik gabe: aitzitik ere, haien biziarekin askatasuna aurrerabidea eta justizia soziala defendatu zituzten. Horrexegatik, batere zalantzarik gabe aldarrikatu nahi dugu gizon-emakume haiek geure herrialdean guztion onerako lanik bikainenak egin dituzten nafarren artean daudela. Askatasunaren eta justizia sozialaren alde hil ziren, eta Nafarroako Parlamentuan bihotz- bihotzez egin nahi diegu omenaldi eta gorazarre ”.

Ondorioz, 1936ko gerra zibilean eraildako pertsonen aldeko monumento-eskultura bat eraikitzeko Sartagudako Alargunen Herriko Elkarteak eta 1936ko golpe militarraren ondorioz Fusilatu eta Desagerturikoen Senitartekoen Elkarteak hartutako ekimena babestu zuen Nafarroako Parlamentuak; halaber, Nafarroako Gobernua premiatu zuen monumentu horren eraikuntza diruz lagundu zezan.

Nafarroako Parlamentuaren erabaki hori dela medio eskuratutako laguntza ekonomikoaz, baita ere Estatuko Administrazioaren zein Udal eta lagun askoren ekarpenei esker, nafar gizartearen lan kolektibo bat den Gerra Zibilean Nafarroan eraildakoen omenez eraikitako Sartagudako Memoriaren Parke hau, gauzatu da.

Orduko izugarrikeriak berriz ez ditzala inork pairatu, sekula ere ez.