Zerbait kontsumitu nahi?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Areizaga | Iritzia | Iruzkina
2016-07-01 14:26

Inoiz gertatuko zitzaigun agian taberna batean, adibidez, ezer kontsumitu ez edo gutxi kontsumitu izana eta, agian, esan digute zerbait kontsumitu nahi dugun-edo; eta bertakoak zeharkako keinuak egiten ditu, eta jarrera batzuk hartu ditu gu deseroso sentitzeko. Eta urrutirago joanda, agian, esan digute zerbait kontsumitzen duzu edo bazoaz hemendik.

Horrelako zerbait gertatu zela irudikatu genezake atzo Azpeitiko plazan, non kontsumitzera gonbidatu nahi gintuzten. Nolabait esateko, jendea kontsumora bidaltzeko zeregina dute, ez gaituzte taberna, denda edo gune jakin batera kontsumitzera bultzatzen, komodinak edo jokerrak dira zentzu horretan, juridikoki legezkoak diren kontsumo gune guztien ordezkaritza eta bermatze lana egiten dute.

Testuinguruan sartzeko esan, udako arratsalde eguzkitsu batean Azpeitiko plazan jende andana dagoela; gune ezberdinetan talde ezberdinak daude, terrazetan, osteguna delarik eta pintxo-pote garaian. Baina bada talde bat 40 bat lagunekoa, plazaren erdian kokatu dena, borobilean eserita kioskoaren parean. Badaramate ordulaurden bat ezer kontsumitu gabe eta, noski, hori notizia da eta kazetariak ere han dira. Baina han agertu dira jokerrak, arduraturik ezer ez dugulako kontsumitu, eta gure herriko instituzio gorenaren bitartekaritza lanari esker, ez gaituzte "ur botila" bat erostera behartu. Egia esan, jendarte horretan ez zen ezer kontsumitu nahi, "kontsumatu" baizik, zerbait burutu, eraiki, egin, gauzatu.

Bitxia da plazak hartzen duen espazio horretan nola bizi diren istorio ezberdinak aldi berean, nola gertaera guztiak espazioarekin dauden erlazionatuta eta guztia nola galbahetik pasatu nahi den. Terraza ederretan jendea lagun artean edo familian zerbait kontsumituz, dendak eta zerbitzu enpresetan objektu eta zerbitzuak kontsumituz... guzti horiek zilegi zuten espazioaren okupazioa kontsumitutakoa ordaindu ezkero; tabernariak ere zergak ordaindu beharko ditu, tabernarena eta terrazarena. Seguru aski, plazaren erreformaren obretan eserlekuak ipini izan balituzte borobilean 40 bat lagunentzako, zilegi izango zatekeen bertan eseritzea, Azpeitiko ongizatea kontsumitzen ari garela esan ahal izango genuen, zerga eta baimenez zilegiztaturik. Baina kontua da soilik legea hausten ari omen ginela, ez ginen ezer kontsumitzen ari, espazio hori ez dago 'inbentatua' zoruan eseritzeko, ez dauka lizentziarik, homologatu behar da, deklaratu, baimena eskatu behar omen da aktibitate horretarako. Baimen hori kontsumitu behar omen genuke, autoritatearen onespen eta bermearekin ipurdiak gutxiago urratzen baitira hormigoi gogorraren gainean.

Pasadizoa urrutirago joan zitekeen joker hauek beren lana aurrera eraman izan balute, borobileko haserrea eta terrazetako poza biak aldi berean gorpuztuko zirelarik plazan, eta guztion zergekin ordaindutako jokerrak batzuen aurka egingo zuten, guztiona den espazioaren erabilera galbahetik pasatzen diren beste batzuei esleituz.

Guzti honen atzean dagoen pentsamoldea gure zaborrak 'klasifikatu', ordenatu, erraustu nahi dituen haren berdina da; hobeki esanda, bera dira. Itsaskorra da gure joera hau, guztiari gune edo espazio edo irteera bat bilatu nahi izatea, kontrolpean izan, ordenatu, bereizi; eta ezin bada kontrolpean izan purifikatu, belar txarrak moztu, desegin. Zentzu horretan, terrazetan dauden kontsumitzaileak kontrolpean leudeke eta baimenik eskatu gabe borobilean daudenak desegin beharreko amesgaizto bat dira. Baina teoria hautsi egiten da: oker ez banago, duela 18 bat urte, Txikiteo Elegante bezpera batean, Barricada taldearen kontzertu batean, baimen eta ziurtagiri guztiekin seguru aski, jokerrek purifikatu izan nahi gintuzten plazan geunden guztiak.

Horrela, edo baimena eskatzen dugu edo jaiki eta beste zerbait kontsumitzera joaten gara, arropak, janaria, gailu elektrikoak, etxeko gauzak... Kulturak ere jada badu leku bat kontsumitu ahal izateko eta, hain justu ere, hori izan da batzuek egin duten ekarpena, beste askoren artean: bisibilizatu behar da objektu, merkantzia eta desio guzti horien zirkulazioa, lau paretetatik atera eta kultura kalean egin, espontaneoa, 'permisorik' behar ez duena, hori egitea bururatu delako eta horretarako indarrak batu direlako soilik.

Eta, azkenik, borobilean zen batek abilezia handiz baimena eta baimen ezak trukatu ditu. Honen arabera, zilegi litzateke terrazetara joan eta jendeari eskatzea mesedez baxuago hitz egiteko, zeren eta gauza inportanteez ari garela hitz egiten eta molestatu egiten dutela. Zalantzarik ez dut makineria eta ekipamendu egokiak horretarako bideratuko balira, guzti hori normaltzat hartu ahal izango genukeela.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa