Infantilen Euskal Herriko Txapelketan hamabost domina lortu dituzte Izarraitzeko igerilariek

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2023ko ots. 22a, 09:50
Izarraitz igeri elkartekoak infantilen Euskal Herriko Txapelketan. (Argazkia: Izarraitz igeri elkartea)

Otsailaren 18 eta 19an jokatu zuten igeri txapelketa Bizkaian, Getxoko Fadura kiroldegian.

Pasa den asteburuan jokatu zuten infantilen Euskal Herriko Igeriketa Txapelketa, Getxoko Fadura kiroldegian. Izarraitz igeri elkarteak ordezkaritza zabala izan zuen txapelketan, eta emaitza bikainarekin itzuli ziren. Azpeitiko igeri taldeko igerilari guztiek bertan parte hartzeko gutxieneko denbora lortu zuten, eta kirol maila bikaina erakutsi zuten txapelketan, domina sorta ederra eskuratuz; guztira, hamabost. Bakarkako probetan urrezko bost domina, zilarrezko bat eta brontzezko bost lortu zituzten. Erreleboetan bigarren egin zuten, eta zilarrezko lau domina erdietsi zituzten.

Honako hauek dira igerilari bakoitzak lortutako dominak:

- Mirari Goenaga: 400 metro librean urrea, 400 metro lau estiloetan urrea eta 200 metro tximeletan urrea (Neguko Espainiako Txapelketarako gutxieneko denbora eginda).

- Aroa Azkune: 50 metro bularrean urrea, 100 metro bularrean zilarra eta 200 metro bularrean brontzea.

- Nora Eizagirre: 800 metro librean urrea eta 400 metro librean brontzea.

- Laia Elortza: 50 metro bularrean brontzea eta 200 metro bularrean brontzea.

- Maiana Uria: 200 metro lau estiloetan brontzea.

- 4x200m libreetan zilarra: Maiana Uria, Nora Eizagirre, Nahia Amenabar eta Mirari Goenaga.

Maila bikaina eman dute igerilari guztiek eta podiumetik oso gertu ibili dira gainontzeko igerilariak ere, txokolatezko dominaren bat edo beste ere dastatu ahal izan dute.

Zorionak igerilari guztiei eta Isaac Pousada eta Jone Goenaga entrenatzaileei, zuen lanari eta jarritako pasioari esker dira posible lorpen guzti hauek. Animo eta eutsi horri!