Gipuzkoako Kluben Kopan azpitxapeldun izan dira Izarraitzeko hainbat neska

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2023ko urt. 17a, 11:04
Gipuzkoako Kluben Txapelketan parte hartu zuten Izarraitzeko igerilariak. (Izarraitz igeri elkartea)

Asteburuan jokatu zuten txapelketa Irunen. Izarraitzeko hamahiru igerilari aritu ziren lehian, eta marka pertsonalak ez ezik, denbora oso onak egitea lortu zuten horiek. Denek egindako lana tarteko, bigarren izan ziren sailkapen orokorrean.

Gipuzkoako Kluben Kopa jokatu dute hainbat igerilarik asteburuan Irungo Azken Portu kiroldegian, eta iaz lortutako bigarren postuari ondo eutsi ahal izan zioten Izarraitz igeri elkarteko kideek. Izan ere, hamahiru neska aritu ziren nor baino nor lehian, eta azpitxapeldun izan ziren horiek.

Talde bakoitzeko bina igerilarik parte hartzen dute Kopako proba bakoitzean, eta larunbateko eta igandeko jardunaldietan egindako lanaren arabera, puntuak pilatzen dituzte taldeek. Izarraitzeko hamasei lagunek parte hartu behar zuten izatez, baina azken orduko bajak medio, hamahiru aritu ziren lehian: Uxue Etxeberria, Maier Lizarzaburu, Anne Sagarmendi, Ane Azkue, Mirari Goenaga, Nahia Amenabar, Nora Eizagirre, Noa Garate, Aratz Odriozola, Laia Elortza, Ana Agirrezabalaga, Oihana Otaegi eta Aroa Azkune.

Horiek lan bikaina egin zuten, marka pertsonalak ez ezik, denbora onak lortu baitzituzten. Nabari da Isaac Pousada eta Jone Goenaga entrenatzaileen gidaritzapean lan bikaina egin dutela igerilariek, eta oso indartsu daudela datozen txapelketetarako.