Izarraitzeko igerilariak Gipuzkoako selekzioarekin aritu dira Euskadiko eskola jokoetan

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2022ko mai. 31a, 12:11
Izarraitzeko igerilariak Gasteizen. (Izarraitz igeri elkartea)

Euskadiko eskola jokoak izan ziren zapatuan Gasteizen, eta Izarraitzeko bederatzi igerilarik parte hartu zuten proban. Hamabost marka pertsonal egin zituzten horiek, eta Laia Elortzak hirugarren egin zuen 100 metro bular proban eta Aroa Azkunek bigarren 200 metro bular lehian. Jurdan Arakistainek eta Lander Uriak Izarraitz ordezkatu zuten Erandion jokatutako Euskadiko igeriketa egokituko txapelketan, eta taldekako sailkapenean hirugarren izan zen Azpeitiko taldea.

Euskadiko eskola jokoak izan ziren joan zen zapatuan Gasteizko Mendizorrotza igerilekuan. 2009 eta 2010 urteetan jaiotako neskek eta 2008 eta 2009 urteetan jaiotako mutilek parte hartu zuten lehian, eta Izarraitz igeri elkarteko bederatzi igerilarik parte hartu zuten: Laia Elortza, June Larrañaga, Ana Agirrezabalaga, Oihana Otaegi, Siara Orbegozo, Aroa Azkune, Aratz Odriozola, Mikel Ezama eta Iker Esteban.

Igerilari bakoitzak banakako proba batean parte hartu zuen, eta guztira, hamabost marka pertsonal egin zituzten horiek. Gainera, azpimarratzekoa da bular probetan neskek egindako lana; izan ere, Laia Elortza hirugarren sailkatu zen 100 metro bular proban, eta Aroa Azkune bigarren, 200 metro bular proban.

Denboraldiaren azken txanpan sartu dira igerilariak, eta horietako bakoitzak Gipuzkoako Txapelketan parte hartuko du, dagokion mailan.

Bikain Erandion

Igande goizean Erandion (Bizkaia) izan ziren Izarraitzeko Jurdan Arakistain eta Lander Uria, Euskadiko igeriketa egokituko txapelketan. Izarraitz izan zen lehian parte hartu zuen Gipuzkoako talde bakarra, eta bi igerilariek lan bikaina egin zuten. Hain zuzen ere, banakako sei probatan aritu ziren, eta horietan bost marka pertsonal erdietsi zituzten. Gainera, taldekako sailkapenean hirugarren sailkatu zen Izarraitz.