Izarraitz elkarteko igerilariek hiru hitzordu dituzte asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2022ko api. 27a, 08:28

Benjamin mailako igerilariek ligako azken jardunaldia jokatuko dute zapatuan, Azpeitiko Udal Igerilekuan. Kimuek ligako zazpigarren jardunaldia jokatuko dute, Bergaran. Helduak, bestalde, Irungo San Macial sarian lehiatuko dira.

Izarraitz igeri elkarteko kideek hiru hitzordu dituzte asteburuan. Benjamin mailako igerilariek ligako bosgarren eta azken jardunaldia jokatuko dute zapatuan, Azpeitiko Udal Igerilekuan. Gure igerilariez gain, Azkoitiko, Bergarako, Eibarko, Elgoibarko, Oñatiko eta Legazpiko igeri taldeetako haurrak ere izango dira bertan. Jardunaldia 16:00tan hasiko da, baina aldez aurretik, 15:00etan, beroketa lanak egingo dituzte.

Jardunaldi horretan parte hartzeko, Izarraitzeko 55 igerilarik eman dute izena. 2013. eta 2012. urteetan jaiotakoek 100 estilo proba  egingo dute, eta 6×25 errelebo mistoan ere estilo eran arituko dira. 2011n jaiotakoek, berriz, 50 edo 100 tximeleta, 200 metro estilo eta 4×50 metroko erreleboa bular estiloan egingo dute.

Jardunaldi ederra espero dugu, gainera. Ikusteko proba politak dira, igeriketako estilo guztietan aritu behar baitute gaztetxoek. Jardunaldiaz gozatu nahi izanez gero, harmailak zabalik egongo dira.

Kimuen ligako zazpigarren jardunaldia, Bergaran

Bestalde, zapatuan bertan, kimu mailakoek ligako azkeneko jardunaldia izango dute; zazpigarrena, hain zuzen. Berriro ere Bergarako (Gipuzkoa) Agorrosin igerilekuan izango da lehia. Bergarako igerilekuko atean elkartuko dira, 13:45ean, eta beroketa egin ostean, 14:45ean hasiko da txapelketa.

 

Honako hauek dira igeri egingo duten igerilariek gauzatu beharko dituzten probak:

  • Jokin Artetxek 400 metro estilo eta 200 metro libre.
  • Aratz Odriozolak 400 metro estilo eta 200 metro libre.
  • Aroa Azkunek 400 metro estilo eta 200 metro libre.
  • Mikel Ezamak 400 metro estilo eta 200 metro libre.
  • Iker Estebanek 100 metro estilo eta 200 metro libre.

Helduak Irunen, XXIX. San Marcial sarian 

Zapatu arratsaldean XXIX. San Marcial saria jokatuko dute, Irungo Azken Portu igerilekuan. Izarraitz elkarteko sei igerilari lehiatuko dira han: Uxue Etxeberria, Maier Lizarzaburu, Julen Artetxe, Anne Sagarmendi, Mirari Goenaga eta Nahia Amenabar.