Igerileku luzean bikain

Joan den asteburuan taldeko infantil, junior eta absolutu mailetako igerilariak Donostiako Paco Yoldi Igerilekuan izan ziren, IV. Gipuzkoako Open Sarian.

Maialen Sudupe, Uxue Etxeberria, Alazne Sudupe, Maier Lizarzaburu, Nora Uria, Elene Sudupe, Julen Artetxe, Anne Sagarmendi, Mirari Goenaga, Nahia Esteban eta Nahia Amenabar izan ziren gure ordezkariak.

Igerilariak denboraldiko sasoi garrantzitsuenean daude murgilduta. Helburuak gero eta gertuago dituzte, eta garai honetan sariketa ugari izaten dituzte. Asteburuko sariak zuen berezitasuna zen, 50 metroko igerilekuan izan zela eta, ohitzeko, ezinbestekoa dute igerilariek neurri horretako igerilekuan aritzea.

Izarraitzeko igerilariak, orokorrean, ondo ibili ziren asteburuko txapelketan. Hona hemen lorpen esanguratsuenak:

  • 29 marka pertsonal.
  • Klubeko bost errekor berri;  Alazne Sudupek 17 urteko 200 tximeleta, 200 libre, 400 libre eta 800 libreko errekorrak. Uxue Etxeberriak 17 urtekoen errekor berria 50 bularren.
  • Gure igerilariak zortzi A finaletan sartzea lortu zuten, eta sei B finaletan.

Esan bezala, karga handiko entrenamenduak egiten ari dira eta sari hauetan, freskotasun falta nabaritzen zaie igerilariei. Uztailean izango dute igeriketako 'selektibitatea'. Orduan ikusiko dugu zeintzuk prestatu dituzten ondo 'azterketak'. eta zeintzuk ez. Igeriketan ez dago miraririk.

Zorionak egiten ari zareten esfortzuagatik!