Azpeitiarrak ondo, Nazioarteko Eguberri Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2015ko abe. 30a, 15:36
Asteartean Nazioarteko Eguberri Txapelketaren 33. edizioa jokatu zen Ordiziko Majori igerilekuan, eta bertan izan ziren Izarraitzeko hamabi igerilari. Lander Uria, ondoezik, baja izan zen azken momentuan. Maila handiko txapelketa ikusteko aukera izan genuen; Claudio Possi italiarra nagusitu zen gizonezkoetan eta Jessica Vall katalandarra emakumezkoetan. Omar Urbietak entrenatzen dituen igerilariek aukera paregabea izan zuten gailurrean dauden igerilari handiekin lehiatzeko.\ \ Goizean aurre-kanporaketako serieak jokatu ziren eta Ander Idoeta, Oihana Goenaga, Eva Astigarraga, Aiora Beristain, Jone Goenaga, Joanes Astigarraga, Paula Urrestilla, Maialen Sudupe eta Maitane Goenaga arratsaldeko finaletik kanpo gelditu ziren. Ainhoa Goenagak, Pablo Etxeberriak eta Jon Aizpuruk, berriz, txartelak lortu zituzten arratsaldeko finaletan ospe handiko igerilariekin batera lehiatzeko.\ \ Ainhoa Goenagak bi finaletan hartu zuen parte, 50 metro bizkarrekoan (5. postua) eta 100 metro bizkarrekoan (6. postua). Pablo Etxeberriak 50 metro bizkarreko finalean (6. postua) hartu zuen parte, eta Jon Aizpuruk 200 metro estiloko finalean (4. postua). \ \ Festa garai hauek ez dira aproposenak lehiatzeko, ia denok eguneroko errutinatik kanpo ibiltzen gara eta. Entrenamendu gutxiago, gehiago jaten da, deskantsu gutxiago... eta hori dena txapelketetan nabaritu egiten da. Hala ere, Omar Urbieta entrenatzailea gustura etorri zen taldekideek orokorrean lortu zituzten emaitzekin.\ \ Zorionak eta segi gogor prestatzen!