Oihana Goenaga Euskadiko errekorra hautsita itzuli da Cadizetik

Erabiltzailearen aurpegia Izarraitz Igeri Elkartea 2015ko mar. 2a, 13:55
Joan den aste bukaeran, Izarraitzeko Jon Aizpuru, Oihana Goenaga, Eva Astigarraga, Aiora Beristain, Jone Goenaga, Nerea Berasategi, Paula Urrestilla, Maialen Sudupe eta Maitane Goenaga igerilariak Cadizen izan ziren, Espainiako junior eta infantil mailako Neguko Txapelketan parte hartzen. Azken hilabeteetan hitzordu honetarako aritu dira prestatzen eta, orokorrean emaitzak ikusirik, entrenatzailea eta igerilariak gustura etorri dira etxera. Emaitzarik aipagarriena, Oihana Goenagak lortu duen laugarren postua eta, aldi berean, Euskadiko 16 urtekoen errekor berria izan da, 100 metro libreetan, 59:08 denborarekin.\ \ Cadizeko txapelketan, lau finaletan sartzea lortu dute: Oihanak 50 metro libreetan, 100 metro libreetan eta 200 metro libreetan; eta Paulak, berriz, 50 metro libreetan. Guztien artean 18 probatan hartu dute parte, 16 bakarkako eta 2 errelebotan.\ \ Bestalde, ezin dugu ezkutatu harro gaudela bederatzi igerilarik Neguko Espainiako txapelketarako beharrezko gutxiengoak lortu izanaz denboraldian zehar eta, horrekin, Izarraitz IE eta Azpeitia igeriketa munduan ezagunagoak izatearekin. \ \ Orain, martxoaren azken egunetan Malagan egingo den Absolutuen Openerako prestatzen jarraituko du Oihana Goenagak. Beste igerilariei, berriz, Omar Urbietak astebeteko atsedenaldia eman die. \ \ Zorionak guztioi egin duzuen ahaleginagatik!