'Apaizac obeto'

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2015ko mar. 26a, 09:00

Apaizac obeto dokumentala eman zuen EITBk duela hilabete batzuk. Orduan ez nekien zertaz zihoan eta arreta handirik jarri gabe, pasatzen utzi nuen. Gerora, Jon Maia bertsolariak idatzitako Apaizac obeto liburua irakurtzeko aukera izan dut.

Harrituta utzi naute bertan agertzen diren pasadizoek. Banekien Euskal Herritik kanpora abiatu eta Ternuan (Kanadan) ibiliak zirela arrantza lanetan hemengo zenbait arrantza ontzi. Baina ez nekiena da, kontu horiek XVI. mendetik datozela eta orduko ontzi handi haiek bakailaua eta baleak arrantzatzera joaten zirela. 

1565ean Red Bay badian urperatu zen San Joan euskal baleontzia, Ternuatik gertu, Kanadako kostan. Ontziaren barruan Beohtuk izeneko euskal txalupa zegoen. 

1978an (lau mende geroago) San Joan ontziaren lehen aztarnak aurkitu zituen Shelma Huxley istorialari ingeles-kanadiarrak. Oñatiko artxibategian aurkitu zituen aztarna haiek. Huxley Kanadako itsas ondarea zaindu eta aztertzen duten taldeekin harremanetan jarri zen, aztarna haiek izan zezaketen pisuaz konturatuta. 

Kanadiarrak ez ziren denbora pasa gelditu. Gogoz ekin zioten urpekaritza lanei eta saiakera haiek ez ziren emaitzarik gabe gelditu. Denek pentsatu baino egoera hobean aurkitu zituzten ontzia eta txalupa. Uraren tenperatura hotzak zeresan handia izan zuen kontserbazioan.

Aurkitutako txalupa txiki haren erreplika zehatza egin eta bertara joatea pentsatu zuten hemengo espedizio txiki batean, 2006an. Xabier Agote patroia, Markos Sistiaga, Ane Miren Miralles, Motxu, Aaron Benoit, Iker Leizaola eta Jon Maia izan ziren zazpi arraunlari zortekoak. Zein zen beraien egitekoa? Garai hartako euskal marinelei omenaldi bat egin, beraien memoria omendu eta bide batez, gure historiako pasarterik ederrenetako baten berri eman euskal herritar guztiei. 

Bidaiako xehetasunak ziren: 40 eguneko nabigazioa bete, 1200 kilometro, ia 1000 itsas milia, Kanadako Ipar Atlantikoko bost itsas probintziatako kostaldean; Quebec, Gaspesie, New Brusnwick, Eskozia Berria eta Newfouland edo Ternua deritzona. Bai joan eta ibilbidea bete ere. Baina gehiago jakin nahi duenak dokumentala ikusi edo liburua irakurri beharko ditu.

Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.