'Aho bizarrik gabe'

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2014ko abe. 22a, 10:43

Askotan liburu edo musika berrien bila abiatzen garenean, urrutira jotzeko ohitura dugu. Ez gara konturatzen harribitxiak guk uste baino gertuago egoten direla. Harribitxi horietako bat aipatu nahi nuke oraingoan. Herritar baten liburua da. Argitaratu zela hamaika urte badira gainera, eta zuetako batzuk irakurrita izango duzue, noski. Baina orokorrean nagi samarrak garenez, irakurri gabeak ere izango dira bat eta bi baino gehiago.

Imanol Lazkanoren Aho bizarrik gabe liburuaz hitz egiten ari naiz. Azken hilabete hauetan bertsolaritzaz maitemindu naizenez, liburua irakurtzea pentsatu nuen eta ez dut batere damurik. Bertso pila ederrez betetako liburua da, bat-batekoak, propio idatziak, bertso-lehiaketetara aurkeztutakoak... denetarikoak daude bertan.

Bertsozaleentzat gozamen hutsa da baina, zerbait azpimarratzekotan, liburu hau ez dela bertsozaleentzat bakarrik aipatu nahiko nuke. Imanolek bere bizitzako pasarte mordoa jarri du bertan: haurtzaroko gorabeherak, bertsolaritzarekiko maitasuna edo harra nola sartu zitzaion, bere guraso, aiton-amona eta senideekin zituen harremanak... Eta ia konturatu gabe, nolabaiteko maitasun puntu bat pizten sentitzen du irakurleak liburuarekiko eta pertsonarekiko. 

Ia mende erdiko ibilbidean maisu handienekin abesteko luxua izan du eta liburuan maisu handi horien bertso asko daude, denen gozagarri: Lazkao Txiki, Uztapide, Basarri, Lasarte, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Xalbador, Mattin, Mitxelena, Egaña, Peñagarikano... Hori dena nahikoa ez eta, amaieran, Lazkanori buruzko iritzi pertsonal eta intimo bat erakusten digute bertsolari batzuk: Egaña, Maialen Lujanbio, Imanol Murua eta Amets Arzallusek. Motz-motzean, kontu politak aipatzen dituzte horiek ere.

Anekdota bereziak ere kontatzen ditu Imanolek. Lazkao Txikirekin behin Bilboko saio baten ostean gertatu zitzaiona, adibidez. Jakin-mina sentitzen duenak irakur dezala. Izan ere, izenburuak dioen bezala, Imanol "aho bizarrik gabe" mintzatzen da.

Bertsozaleentzako liburua bereziki. Baina baita bertsozale ez denarentzako ere. Irakurtzen hasten dena, ez dut uste damutuko denik.

Liburuaren fitxa:
 
Izenburua: Aho bizarrik gabe.
Egilea: Imanol Lazkano.
Argitaletxea: Bertsozale Elkartea.
Argitalpen urtea: 2003.
Orrialde kopurua: 500.
 

Abenduko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.