Arrazista ni?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2011ko aza. 15a, 19:11

Denok pentsatu nahi izaten dugu ez garela arrazistak. Modernoak gara zentzu horretan, besteek ere guk ditugun eskubide eta askatasun berberak izatea nahi dugu. Marokotik, Ekuadorretik edo Errumaniatik datorren atzerritarrari lana, etxebizitza eta gure eskubide berdinak izan ditzan opa diogu. Edo opatu beharko genioke. Nahiko zaila izan behar du herrialde hauetatik atera behar izatea beste erremediorik ikusten ez duzulako. Zure familia atzean utzi, zure lurra, zure kultura... Esatea erraza da baina benetan zaila izan behar du horrek.

Aspaldian jende dezente entzun dut kexatzen atzerritarrei ematen zaien tratu erosoegia dela eta. Egunero omen doaz udaletxera edozer motatako laguntzen bila. Etxe bat aurkitzeko herritarrek baino aukera gehiago omen dute. Lanik bilatu ezin dutenek diru-laguntza ederrak jasotzen omen dituzte. Farmazietan medikamentu asko debalde lortzen dituztela diote beste hainbatek. Ez dakit zuei, baina niri egia dela sinestea kostatu egiten zait.

Lagun batek kontatu zidana azalduko dizuet orain. Berak esplikatu zidan prezio berean salduko dizuet informazioa. Furgoneta bat jarri zuen saltzen nire lagun honek. Telefonoz deitu zioten laster, ea furgoneta ikusi eta tratu batera iritsi zintezkeen galdezka. Baietz, nire lagunak. Konpromisorik gabe furgoneta ikus zezaketela. Gelditu dira behintzat. Irunetik zetozen bi marokoar ziren. Furgoneta ikusi eta berehala, prezioa jaitsi ahal zezakeen galdetu zioten nire lagunari. Nire lagunak sentitzen zuela baina ezetz, nahikoa merke zegoela bestela ere. Mehatxuka hasi ziren orduan bi marokoarrak, ahots tonua gehiegi igoz, orduan Irunetik etorri zirela eta, gutxienez, gasolina eta autopistan gastatutakoa emateko mehatxatuz. Urduri jartzen hasi da nire laguna, eta ez diela ezer ordainduko esan die, beraien gustuz etorri direla, ez dutela aurrez gasolina edo autopista ordaintzeko traturik egin. Ez duela zertan ordaindu.

Marokoarrak gero eta ozenago hitz egiten. Ez badu ezer ordaintzen denuntzia bat jarriko dutela bere aurka. Eskuko telefonoa poltsikotik atera eta matrikulari argazkiak ateratzen hasi da beraietako bat. Kontuz ibiltzeko, matrikula zenbakiarekin non bizi den jakin dezaketela denbora gutxian. Azkenean, tentsio eta urduritasun une batzuen ostean bakoitza bere aldetik doa.

Ez da ipuin bat. Duela gutxi gertatu da herrian bertan. Ez nion nire lagun honi aurretik arrazista kutsurik zuen komentariorik entzun. Baina hau gertatu ondoren, bere ikuspegia aldatu egin dela esango nuke. Ez zitzaizun zuri ere aldatuko?

Hau egia izanda ere, ez ditzagun atzerritar denak zaku berean sartu. Akats handia egiten ariko ginela uste dut. Jende umil, atsegin eta langile asko dago, egunean hamabi ordu lanean sartu eta bere bizitza aurrera ateratzea beste ametsik ez duena. Ez gaitezen gure aiton-amonak zaintzen ari diren atzerritar guztiez ahaztu. Ez gaitezen ahaztu arrantza ontzietan sartu eta itsasora asteetan ateratzen diren atzerritarrez. Eta beste hainbat eta hainbatez. Ez sartu denak zaku berean.