Fedea

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2010ko urr. 18a, 19:10

Fedeak indar handia izan dezake gure bizitzetan. Berebiziko garrantzia duen zerbait bilakatu daiteke. Ez naiz jainko bati buruzko fedean ari ordea. Edo ez fede horretan bakarrik.

Baina zergatik da horren inportantea fedea? Bizi daiteke ezertan federik izan gabe? Zergatik bilatzen dugu une gaiztoetan ia beti? Bere portura iritsi ezinda dabilen barku zahar baten moduan sentitzen garenetan? Inguratzen gaituen ezerk sentidurik ez duela igartzen dugunean? Sartuta gauden borroka guztiek konpontzeko itxurarik ez dutela antzematean?

Eta zertan dugu fedea? Jainko edo erlijio jakin batean? Nik ez dut jainkorik ez ikusi ez sentitu sekula. Eta munduaren historia pixka bat errepasatzea nahikoa da erlijioek akats izugarriak egin dituztela agerian uzteko. Baina erlijioek, edo erlijioari bere bizitza kontsagratu dioten pertsonek, pauso onak ere eman dituztela esango nuke.

Zer gehiagotan eduki dezakegu fedea? Pertsonengan? Familia, bikotea edo lagunengan? Geure buruan? Maitasunean? Naturan? Hil ondoren paradisua zain dugula sinestean? Aitona edo amona egin baino lehenago krisi ekonomikoa bukatuko dela pentsatzean? Baina pasatzen ari garena krisi ekonomikoa bakarrik al da? Bere osotasun guztian ulertu ez arren, bizitza honek sentidu ezkuturen bat badauka?

Ikusi ditudan gauzetan bakarrik sinesteko joera nuen lehen nik. Baina gero pentsatu nuen maitasuna ezin daitekeela ikusi baina bai sentitu. Maitasuna da beharbada bizitzen jarraitzera bultzatzen gaituen indar boteretsuena. Maitasuna eta ilusioa. Gauzak gaizki joan arren, zeure buruarekin fedea izatea. Ingurukoekin konfiantza eta komunikazioa lantzea, esatea hain erraza den eta lortzea horren zaila dena. Naturarekin gozatzea. Irribarre egin eta eginaraztea.

Eta filosofo edo idazle ona izan banintz beste modu batean azalduko nituen zenbat eta zenbat gauza gehiago...