Sua

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2009ko abe. 16a, 17:12

Gaur egun, bertsolaritza artea bilakatu dela ez dut uste inork zalantza egingo duenik. Beharbada beti izango zen artea, baina gaurko bertsolari berriek erabilten dituzten doinu, konparaketa eta metaforek oraindik haratago eraman dute bertsolaritza. Gauza gutxik emozionatuko zaituzte gehiago bertso eder batek baino.

Eta bertso ederra soberan izan genuen BEC-en jokatutako final ederrean. Zortzi bertsolari on, generazio baten aldaketa, historiak eman duen bertsolari hoberenetako baten agurra, txapela jantzi duen lehen emakumea... hunkitzeko arrazoi nahiko eta soberan.

Ez naiz bertsolari eta bertso guztiak aipatzen hasiko baina batzuen aipamena egin nahi nuke. Protagonista nagusienak, nolabait esatearren.

Andoni Egaña: Bosgarren txapela jantziko zuen zalantza eginez inguratu ziren bertsozaleak
BEC-era. Ez zegoen erraza antzematen. Denok genekien Andoniri irabazteko bertsotan ikaragarri egin behar dela baina, bestaldetik, bagenekien berari irabazteko moduko bertsolariak bazirela. Berak nahi bezala, oholtza gainean galdu du azkenik txapela. Izan behar duen bezala. Txapelak oholtza gainean irabazten dira, eta galdu ere, bertan galtzea onena. Erarik naturalena da. Andoniren 4 txapelen errekorra hor egongo da pixkatean, norbaitek hautsi nahi badu, saiatu dadila, denen laguntza beharko du eta.

Amets Arzalluz: Iparraldearentzat urte ona izan da aurtengoa. Gonzalezek lau t'erdiko lehen txapela Azkainera eraman ondoren, hendaiarrak beste horrenbeste lortu nahi zuen bertsolaritzan. Lortu ez arren, zein gertu ibili den. Arratsaldeko kartzelako gaian une batez despistatu eta gelditu zenean, bihotza erdibitu zitzaion ia bat baino gehiagori. Berehala osatu eta hiru bertso gogoangarri bota zituen etorkin baten paperean sartuta. Apuntatzekoak benetan. Hogeita sei urte bakarrik ditu. Iritsiko da bere momentua ere.

Maialen Lujanbio: Merezitako txapela azkenean. Oso gertu ibili zen 2001an, bigarren postua lortuz. Emakume bertsolari gazte guztiei bide berri bat ireki diela esan dezakegu. Dagoeneko atzetik datozen neska gazteek badakite posible dela. Bertso eder mordoa bota zuen beste behin igandeko saioan baina Amets Arzalluzen aurkako norgehiagokan suari buruz bota zuena gogoratu nahi izan dut ondoren. Sua bezalako elementu soil bat eduki eta bertso bakar batean zuku hori ateratzea ere...


Sua

Hura asmakizuna
homo habilisena
bi harrik elkar jota
txispa bat aurrena
asmakizun handiena
mendetan barrena
sua da problema
zenbait basorena
edo jaki dena
berotzen duena
eta bi begiradek
sortzen dutena

(Maialen Lujanbio)


Finalera iritsi ez diren beste bertsolari batzuk aipatuko ditut azkar batean. Igor Elortzaren zuloa sumatu dugu. Bertsolari trebea. Bizkaiko txapelduna ez dakit zenbat aldiz. Ea hurrengoan berriro sartzen duen burua finalean. Baina ez da erraza izango. Uxue Alberdi aipatu nahi dut ondoren. Finaletik oso gertu gelditu da elgoibartarra. Bere ahots goxoak edonor erakartzen du. Bereziki agurretan erabiltzen dituen doinuak gustatzen zaizkit. Zerbait berezia dauka eta 2013ko finalean erakutsiko digu. Kontuz hemendik aurrera Miren Amuriza edo Ainhoa Agirreazaldegi edo Jone Uriarekin ere. Women power delakoa iritsi dela ematen du. Eta Azpeitira hurbilduta? Lortuko ote du Jokin Urangak 2013ko finalera iristea? Zaila dago baina... Baina Azpeitiarrez hitz egiten hasita nola ahaztu Maialeni txapela jarri zion Joxe Agirre. Denok bertso bat botako zuelakoan eta... lau bota lasai asko. Eta bai ederrak. Beste zazpi txapel falta izan zitzaizkion eskuetan denei txapela jazteko.

Zorionak Maialeni amaitzeko. Unai Iturriagak agurreko bertsoan esan zizun bezala (eta zuk zeuk esango zenukeen bezala) eajaaa zea. Txapelduna.