Eskutitzak infernutik

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2009ko eka. 26a, 14:06


Ramon Sampedroren omenez

Gogorra den gai bati buruz idatzi behar dut gaurko honetan. Ziurrenik, ez da uztarrian idazteko gai egokiena, baina pena merezi duela uste dut. Ramon Sampedro eta bere bizitzaz jardun nahi dut. Sampedro 1943an jaio zen Galizian. 19 urte zituela barku batean mekaniko bezala lanean hasi eta munduko bazter eta portu desberdinak ezagutzeko aukera izan zuen zeregin honetan. Bidaiatzeko modu hobe eta merkeena zela esaten zuen.

25 urte zituela, lagun batzuekin arratsaldea pasatzen zegoen bere etxetik gertu. Abuztua zen, bero zegoen eta kosta ondoko haitz batetik salto egitea pentsatu zuen, beste hainbatetan bezala. Saltoa ez zuen ondo kalkulatu ordea: uste baino sakonera gutxiago zuen urak eta Ramonek azpiko hondarrarekin jo zuen burua. Bizitza salbatu zuen baina salto hark prezio handiegia utzi zion: tetraplejiko geratu zen betirako. Aurpegia mugi zezakeen eta buruak ondo funtzionatzen zion, baina hanka, beso eta gorputz osoko sentiberatasuna betirako galduak zituen. Nola egiten zaio aurre horrelako gertaera bati? Edo galdera beste era batera eginda, egin ahal daiteke aurre bizitzari horrelako zerbait gertatu eta gero?

Baietz erantzun daiteke. 1968an izan zuen istripua Sampedrok eta 1998an hil zen. Ia hogeita hamar urte eman zituen ohean. 1996an, Sampedrok "eskutitzak infernutik" izeneko liburu bat argitaratu zuen. Berak urteetan idatzitako gutun eta poesiak irakur daitezke bertan. Duela egun gutxi amaitu dut eta liburu zoragarria dela esan dezaket, paregabea. Sampedrok aurreiritzi eta beldurrak alde batera utzi eta benetan pentsatzen duenari buruz idazten du. Heriotzari zuzenean begiratzen dio eta ez dio beldurrik. Bere eskutitzak duintasunari, justiziari eta askatasunari egindako oihu zoragarri bat dira. Inoiz ez ditut irakurri sufrimenduari, maitasunari eta errespetuari dagozkion horrelako pasarte ederrak. Norberaren kontzientzia pertsonala defendatzen du Sampedrok erlijio eta lege ororen gainetik. Gordinak dira bere hitzak, gordinak baina egiaz beterik. Benetan idatzitako hitzak. Sampedrok bazekien zertaz idazten zuen. Ia hogeita hamar urte ohean pasa dituen pertsonak badaki sufrimenduari eta askatasunari buruz zerbait. Derrigor.

Sampedro izan zen Espainiako estatuan eutanasia legez eskatu zuen lehen teraplejikoa. Luzapen eta antzerki ugariren ondoren, ezetz esan zioten. Ez ziotela bakean hiltzen utziko. Espainiako magistratu eta lege gizon gorenak ez ziren gai izan bere buruaz beste egin nahi zuen pertsona bati baimenik emateko. Gauza bat ulertu behar da kontu honetan: Sampedrok bizitza maite zuen beste guztiaren gainetik. Baina bizitza DUINA. Jaten lagundu egin behar zioten. Ezin zuen berak bakarrik posturaz aldatu. Ezin zuen telefonoz deitu nahi zuenean zenbakirik markatu. Ezin zuen maite zuen emakumearen aurpegia eskuaz laztandu. Ezin zituen bere eginbehar arruntenak duintasunez bete. Garbi esanda, gutariko gehien-gehienok sekula imajinatu ere ezin dugun infernu batean bizitzea suertatu zitzaion ia 30 urtez. Bizitzak beti pena merezi behar du. DUINA izan behar du. Eta EZIN hitzak beste guztia menderatzen duenean DUIN hitzak esanahia guztia galtzen du. Ez dago unibertsitatera joan beharrik zenbait gauza ulertzeko. Baina espainiako legedia eta konstituzio gorena ez ziren hori ulertzeko gai izan. Pena da gero, horrenbeste estudiatu duen jendea pertsona baten sufrimendua ulertzeko gai ez dela ikustea... gizakiak horrelakoetan erakutsi behar dugu gizakiak garela...

Sampedrok ez zuen eutanasia tetraplejiko guztientzat eskatzen. Berarentzat eskatzen zuen, hau da, nahi zuen edonork eskubide hori izatea defendatzen zuen. Eskubidea baliatu edo ez norberaren erabakia da beti. Horrenbeste sufritzen ari diren pertsonentzat eskubide eta legedi berri bat lortu zuen pertsona izan nahi zuen. Hori lortu eta gero hil nahi zuen. Duintasun osoarekin. Baina ez zioten utzi. Azkenean ezkutuan hiltzera kondenatuta ikusi zuen bere burua. Ezkutuan hiltzera kondenatu zuten legegizonek. Ezin izan zuen familia eta lagunengandik nahi zuen moduan agurtu. Eta hori ez dago ondo. Hori aldatu egin behar da.

Ekilibrio hitza agertzen da askotan Sampedroren idatzietan: pertsonak zoriontasun neurri bat izateko fisikoki eta psikikoki oreka bat behar zuela uste zuen. Eta berari ezinezkoa egin zitzaion bere egoeran zoriontasun hori lortzea. Horrek ez du esan nahi beste tetraplejiko batek lor ezin dezakeenik.

2004an Alejandro Amenabar zuzendariak filma zoragarria egin zuen Sampedroren istorioa baliatuz, askori ezaguna egingo zaizue: "Mar adentro".

Ez nuke bloga amaitu nahi bere hitz batzuk jarri arte. Liburuak gutun desberdin asko ditu. Batean espainiako presidenteari idazte dio zuzenean. Juan Pablo II orduko aita santuari ere bai. Eta baita jainkoari ere. Denetatik pasarte bat edo beste ipini nahi nuen baina gehiegi luzatuko nintzateke. Azkenean orduko justizia ministroari eta bizitza beste modu batetara ikusarazi nahi izan zion mediku bati idazten diona jartzea erabaki dut. Hemen doaz bi testuak.

Justizia ministro zaren horri:

Egun batean zuengana zuzendu nintzen askatasuna eskatuz. Nire bizitzan agintzeko eskubidea eskatzen nizuen. Nik nahi nituen erabakiak hartzeko. Neure buruaren artzain, epaile eta mediku izateko. Zuen begiekin ikusi beharreko kodigoekin erantzun zenidaten, zuen sentimenekin pentsatu eta sentitu nezan. Bizitzaren balore goren batek bultzatuta egiten duzuela diozue. Ba nik ere bizitzaren hobe beharrez egiten dut, baina bereziki gizonaren duintasunak eta askatasunak bultzatuta.

Nire bizitza eta heriotza tutelatzeari utz diezaiozuen gomendatzen dizuet. Ni naiz neure maisua. Eta, zuri, ministro, epaile eta legegizon zaren horri zintzoa izateko gomendatuko nizuke. Beldurrak eraginda jokatzen baduzu ez zara etikoa izango inoiz.



Mediku jauna:

Nire bizitza aldatzeko gauza bakar bat nahikoa da: sendatzea. Horretan laguntzeko zientziarik ez baduzu, gure autoritate etikoa eta morala berdin-berdinak dira. Printzipio hau onartu eta defendatzen baduzu lagunak izango gara.

Milesker zure laguntzeko eskaintzagatik, baina nire eutanasia eskatzeko eskubideari entzungor egiten badiozu ez dugu beste ezertaz mintzatu beharrik.

Filosofiaren akats handienetako bat pertsonari bere buruaz beste egiteko aukera ezabatzea da. Horrek bizitza gure buruari ez dagokigula esan nahi du. Ez dela gure jabetza. Bakoitzaren bizitzak heldua eta askea izan behar du. Beti.

Heriotzak balio moral handiagoa dauka sentidurik gabeko bizitza sufritu batek baino.


Norbaitek Ramon Sampedroren bizitzaz gehiago jakin nahi badu:

- Cartas desde el infierno (1996, liburua.)
- Mar adentro (2004, filma.)