Zabor artean altxor bat

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2008ko abe. 26a, 19:12

Dena kritikatzeko joera izaten dugu maiz, haserre edo nazkatuta gaudenean bereziki. Eguraldi txarra bada, eguraldi txarra dagoelako. Telebista piztu eta kosta egiten zaigu geure gustuetara moldatzen den pelikula, programa, telesail edo dena delakoa topatzea. Baina pazientzia pixka batekin (edo askorekin) aurki daiteke kalitatezko zerbait. Kostata, baina aurki daiteke. Nik ere (beste askoren moduan) behin baina gehiagotan esan eta pentsatu dut telebista zabor hutsa dela, pertsonoi geure kabuz pentsaraztea galarazten digun kaxa inozo bat. Telebistak garuna lehor dezake. Ahal bada, hobe da denbora burua martxan ipintzen digun beste zerbaitetan ipintzea. Sudokuak egin, gurutzegramak, xakean jokatu edonorekin, eskulanen bat egin... baina ez da dena txarra izango telebistan ere, eta honen adibide bat jarri nahi nuke orain.

 

Telesail bat goraipatu behar dut gaurkoan. Ondo egindako telesaila da, alor guztietan: gai mamitsuak erabiltzen ditu, gidoilari onak daudela segituan igar daiteke eta detaile xumeenak ere asko zaintzen direla nabaria da. Baina denen gainetik aktoreak azpimarratuko nituzke nik, beraiek direlako azken finean pantaila aurrean agertzen direnak, eta bide batez, protagonismo ia dena eramaten dutenak.

 

“Cuentame” telesailaz ari naiz. Badaramatza urte batzuk telebistaren lehen kateko Ostegun gauak betetzen, eta audientziak ez dio hutsik egiten inoiz. 70. hamarkadan kokatuta dago Madrilen. Alcantara familiaren gora beherak kontatzen dira bertan. Egoera politiko, sozial, kultural eta abarrak oso ondo zaintzen dira. Imanol Arias eta Ana Duatok (Nacho Duato dantzariaren arreba denak) egiten dute familia horretako gurasoen lana, ezin hobekiago egin ere. Nire ustez, aktore denek betetzen dute maila txukunean bere lana telesail honetan, baina Imanol Ariasek egiten duen interpretazioa txalotzekoa da benetan. Aipatzekoa da bere emaztearena egiten duen Ana Duatorekin lortzen duen konplizitate erabateko hori ere, haserre eta tentsio uneetan bereziki. Telesaila ikusten ari zarela, benetako bikote bat ikusten ari zarela iruditzen zaizu, urteetan ezagutzen den bikote horietako bat, eta antzerkia egiten ari direla ahaztu egiten zaizu batzuetan.

 

Aipatzekoak dira beste aktore batzuk ere. Amonarena egiten duten Maria Galiana (Solas filmean agertzen dena) edo Imanol Ariasen anaiarena egiten duen Juan Echanobe bera.

 

Urte honetako azken kapitulua eman berri dute, eta badakit pena izango duela bat baino gehiagok. Itxaron egin beharko.

 

Zabor artean, oso noizean behin, aurki daiteke merezi duen altxorren bat. Bilatzen jakin behar. Horretan lanak.