Ekainberri

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2008ko urr. 1a, 15:10

Pasaden astean, Ekaingo haitzuloaren erreplika ikusten izan nintzen, Zestoan, Ekainberri izenez bataiatu duten eraikinean. Orain dela gutxi zabaldu dute, baina hori jakingo duzue honezkero, telebista eta komunikabide desberdinetan horren berri eman baitute. Benetako haitzulora iritsi baino 300 bat metro lehenago dago, eta inbertsio handia egin dute antza.

 

Haitzulo bertako bisita hasi baino lehen, bisitariak museo txiki bat ikus dezake. Bertan Ekaini buruzko informazioa aurki daiteke, bertan aurkitutako harri eta materialen gainean adibidez. Aurkikuntza nola egin zen ere azaltzen da, 1969ko Igande goiz batean. Jose Miguel Barandiaran handia etorri zen handik egun pare batera, eta orduan hasi ziren benetako azterketa eta ikerkuntzak. Beste haitzulo batzuei buruzko informazioa ere aurki daiteke museo honetan, Santimamiñeri buruzkoa kasu.

 

Baina benetan garrantzitsuena, eta ia seguru bisitari gehien erakarriko duena erreplika bera da noski.

 

Bisitaria ia erabateko ilunpean sartzen da erreplikara, eta une batetik bestera, iraganean egindako salto ikaragarri baten bitartez, milurteko batzuetan atzera egingo duela irudituko zaio. Ia ilunpean, tenperatura margoak ongi mantentzeko beharrezkoa den 16 gradu egonkorretan eta usain berezi eta magiko batek ingurua betetzen duela. Nola sentituko ziren haitzulo hura 15.000 urte atzerago aurkitu zuten gure arbasoak? Horrelako galderak etortzen zaizkio burura bisitariari bertako gida azalpenak ematen hasten denean.

 

Ez nahiz xehetasun guztietan gehiegi luzatuko baina, margo gehienetan agertzen den animalia zaldia da. Dirudienez, haitzulo hartako biztanleek ikaragarri miresten zuten, oreinen bat edo hartzen bat ikus daitekeen arren, zaldiak presentzia eta protagonismo berezia dauka. Bitxikeri moduan esan daiteke, zaldi batzuk lantzak sartuak dituztela margoetan, eta gidak esan zuenaren arabera, hau ehizatzera joan aurretik marraztuta izatea litekeena da, beraien usteen arabera, animaliak horrela margotu ezkero, gero ehizatzera joandakoan ahulago egongo zirelako ustea baitzuten. Baliteke horrela izatea, baina hau uste bat besterik ez da.

 

Hartz pare baten hezurrak ere ikus daitezke, bata gorputzeko hezur guztiekin, bestea ez. Baina ez dira gaur egungo hartzen hezurrak, garai hartako “hartz kabernario” delakoen hezurrak baizik, eta hauek oraingoen aldean handiak ziren. Lehen aipatu dudan museo horretan ikus daitezke bien arteko aldeak. Eta nabarmenak dira.

 

Motz samarra iruditu zitzaidan ibilalditxoa, hamabost edo hogei bat minutuan amaitzen baita. Baina merezi du. Bost euro bakarrik kostatzen da, eta txorakeria mordoetan diru gehiago gastatzen dugulakoan nago, bai horixe. Zer egin daiteke gaur egun bost euro sinpleren truk?

 Amaieran, gidari galdera desberdinak egiteko aukera dago. Neu ere animatu nintzen pare bat egitera, paleontologo aditu baten itxura eman nahian. Norbait engainatuko banu bezala.... animatu eta egin bisita.