Negar gutxiago

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2008ko eka. 10a, 19:06

Aldizkari ezagun batean artikulu bat irakurri nuen aurreko asteburuan. Horrenbeste hitz egiten den krisi ekonomiko honi buruzkoa zen. Asko gustatu zitzaidan, bertan idazten zenarekin bat nentorrelako ziurrenik.

 

Denak negarrez ari dira. Eraikuntzako sektorea, inmobiliariakoak, elektrodemestiko kate handiak... denak krisian sartu dira nonbait eta, negar egiten badute, gobernuak beraien galerak babesteko diru laguntzak emango dizkietela dirudi.

 

Sistema hau aspalditik ondotxo ikasia dute antza, beraien gainean agintzen dutenek berdina egiten dutelako: banketxe eta multinazional erraldoiek. Hauek ez dute inoiz galtzen, ez dute jakin nahi “galera” hitz horrek zer esanahi duen ere. Galtzeko arriskuren bat sumatzen badute, argia, gasa, gasolina edo dena delakoaren tasak igo eta dena konponduta. Eta noski, eraikuntzakoek ere ez dute beste “erremediorik” izan. Azken urte hauetan diru “gutxiegi” egin dutela dirudi, eta orain negar egin beste erremediorik ez dute. Garai zailak datoz. Ulertu beharra dago. Ez dute ezer aurrezteko aukerarik izan. Etxebizitzekin espekulatuz atera dituzten milaka milioiak xahutu dituzte dagoeneko. Bate gabe gelditu dira. Erregutu gaitezen beraietaz.

 

Eta orain Eusko Jaurlaritza, gobernuak edo dena delakoak beraien laguntzan atera behar du. Lehen irabazten zuten neurri berdinean irabazten jarraitu nahi dutelako. Ezin dute gerrikoa estutu eta zertxobait gutxiago irabazi. A ze pena.

 Badaude 400 edo 500 euroko pentsioarekin aurrera atera behar duten pertsonak. Horientzat ez dago diru laguntzarik? Hauek ere negarrez hasi beharko dute...