Urtebete

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko urr. 1a, 21:10

Urtebete pasa da blog txiki honi ekin nionetik. Azkar pasatzen da denbora gero, gauza jakin batzuei dagokienez behintzat. Hasieran, beldurra ez baina, errespetu moduko bat ematen zidan uztarrian idazten haste honek. Txorakeri bat emango du kanpotik begiratu ezkero. Urtebetean gauzak asko aldatzen dira, eta nire haserako errespetu hura barregura bihurtu da orain. Hasiera batean, denak zure begira egongo direla iruditzen zaizu, idazten duzun hizki bakoitza lupaz aztertuko balute bezala. Jendeak beste zereginik izango ez balu bezala. Eta beldurra ematen dizu hau edo bestea idazteak, irakurri eta gero norbaitek kargua hartu edo zure iritziarekin bat ez datorrela esanez etorriko den susmoarekin.

 

Idatzitako gauza edo blog batzuekin gustura gelditu naiz, beste batzuekin ez. Arraro samarra egiten da, norberak idatzitakoa irakurri eta bukaeran “hau etzeok hain gaizki” edo “honi mamiye falta zikok” bezalako gauzak pentsatzea. Egia esan, gehien-gehien kostatzen zaidana gustuko gaia aurkitzea izaten da. Azpeitiarekin zerikusia duen zerbait izatea ere bilatzen duzu, baina ez da beti erraza izaten. Eta originala izatea zaila da, eta nire iritzi apalean, gero eta zailagoa izango da hemendik aurrera.

 

Baina saiatzeko asmoa dut. Ia bigarren urte honetan, beldur eta txorakeri guztiak alde batera utzi eta, neure barruari kasu gehiago eginez, benetan pentsatzen ari naizena idazteko ausardia gehiago dudan.

 

Kuriosoa iruditu zaidan beste gauza bat, jendeak zeren aurrean erantzuten duen konturatzea izan da. Alegia, behin edo bitan bakarrik idatzi dut urte honetan politikari lotutako gaiekin eta, blog hauek sortu dute juxtu zalaparta gehien. Eta hau ez da nirekin bakarrik gertatu, bestela galdetu diezaiotela duela gutxi idazten hasi den Ramoni. Ez dago politika bezalakorik jendearen grina eta kritika gosea pizteko. Eta, barkatuko didazue baina, triste samarra iruditzen zait hau.

 Uztarriakoek uzten didaten bitartean ( nik ez dakit nola aguantatzen duten hainbeste ) hemen jarraituko dut, gerra pixka bat eman nahian. Gaizki ikusten ditudan gauzak konpondu eta ondo daudenak azpimarratu nahian. Eta badakizue, esaldiak dioen bezala, “ondo esanak kontuan hartu, eta gaizki esanak barkatu.”