Zelaitxo eta Soreasu

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko ira. 4a, 13:09

Irratian tertulia bat entzuten egon nintzen lehengoan. Bertan, hizlariak irratia, musika eta zineak azken urteotan eman duen bilakaeraz hitz egiten ari ziren. Gazteek ez dutela irratirik pizten, musika edozein unetan internetetik dohainik jaitsi litekeela, eta zineari buruz, zer esan?

 

Honela esan du tertulian ari zen batek: “Ez dakit, horrenbeste aldatu da  zinearen kontua... gaur egun, euskal herriko herri askok ez dute zinema areto bat ere... nork esango zuen, duela hamar edo hamabost urte, gaur egun zinema aretorik ez zela egongo herri asko eta askotan...”

 

Eta, nola ez, buruak Zelaitxo eta Soreasu aretoak ekarri dizkit gogora. Zelaitxo bereziki, etxetik oso gertu nuelako. Igande arratsalde luze eta sarritan aspergarri haiekin oroitu naiz, gozoki pila bat hartu eta bostak puntuan hasten zen pelikula hura ikustera gerturatzen ginenean. Zer egin daiteke zortzi, hamar edo hamabi urte izan eta Igande arratsalde huts bat aurretik duzunean? Gure garaian (ehun urte pasa direla ematen du horrela hitz egiten dudanean) ez zegoen gaztetxerik, tabernetara ez zara sartuko adin horretan... Lagun Onaken partidua ikustera joateaz ere aspertu ginen... zer egin?

 

Zinera joateak bazuen bere xarma, bai. Zinea bera ona edo txarra zen alde batera utzita, gozokiz beteta aretoan sartu eta ez dakit nondik ateratzen zen usain sakon eta berezi hura... zinea hasi aurreko segundoetan argiak nola itzaltzen ziren pixkanaka... aretoko isiltasunean entzuten ziren pipa eta zorro hotsak, zinearen erdi aldera egiten zen tarte hura, goxoki gehiago erosi  edo lehen mailako futbol partiden emaitzen berri jakiteko...  lagunei ahopean esandako sekreturen bat edo beste... azken ilaran eseri eta zinea hasterako eskua sartzen hasten ziren bikoteak... guzti horrek batera, bazuen bai xarma berezi bat, batzuetan bere osotasunean ulertzeko urteak behar badituzu ere.

 

Baina urrunegi joan nahiz beharbada, beste asko eta askotan bezala. Galdera bat dut zuei egiteko, norbaitek hau irakurtzen badu behintzat. Beharrezkoa da gaur egun Azpeitia bezalako herri batean zine areto bat? Edo gaur egungo aukera desberdinak kontuan hartuta (Dvd eta internetetik film berrienak jaisteko aukera...) ez du zentzurik zine areto bat erdi hilik mantentzeak?

 

Zinerako zaletasun handia duenak areto bat beharrezkoa dela defendituko du ziurrenik. Baita Zelaitxo eta Soreasun pelikula mordo bat ikusi zutenek ere. Antzerkia egiteko ganorazko areto bat behar dela ere esango digu norbaitek.

 

Beste iritzi batekoak izango dira beharbada Dvd aparailu erosoak etxean dituztenak. Edo emule bezalako programei esker etxean bertan pelikula berrienak ikusteko aukera izaten dutenak.

 Behar dugu edo ez?