Azpeitia 2011?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko uzt. 12a, 17:07

Zorionak eman nahi dizkiot Iñaki Errazkin alkate berriari. Eta bere taldeari. Herri batek haize edo ideia berrien freskura behar izaten du noizean behin, eta bazen herri honetan haize fresko horri paso emateko ordua.

 

Hogeita zazpi urte ditut, eta EAJ bakarrik ezagutu dut agintean herri honetan. Beste gazte asko dago zentzu honetan nire lekuan. Garbi esanda, aspertu samar, hitz gogorxeagoak ez idazteagatik. Aldaketa onerako edo txarrerako izango den denborak esango digu, baina gazteriaren zati handi bat boterea eskuetatik aldatzeko zain zegoela nabaria zen.

 

Zer bilakaera emango du herriak gaurtik 2011 bitartean? Egingo dira azkenean hainbeste eztabaida piztu duten Loiola bideko etxe horiek? San Inaziyuek bezalako festak “herrikoiago” izatera helduko dira? Zer gertatuko da horrenbeste urtean hutsik dauden etxeekin? Garraio publikoa bultzatzeko zerbait egingo da? Alokairuan, modu onean, etxeak jartzeko asmorik izango al da?

 

Iñaki Errazkinen taldeak lehenbizi egin duen gauzetako bat beraien soldata jaistea izan da. Ez dakit ziur, baina entzun dudanez beraien eskupekoak erdira jaitsi omen dituzte alkate berriak eta pare bat zinegotzik. Egia bada behintzat, zorionak. Berri ona, apala, eredugarria beste askorentzat. Azkoitiko alkatea eta bere taldearentzat, adibidez.

 

Gauzak eskatzeko ordua da, dudarik gabe, baina baita talde berriarekin pazientzia eta fedea izatekoa ere. Ezingo diegu eskatu orain, une batetik bestera, herriak erakutsi dituen gabezi guztiekin amaitzeko. Baina aldaketak eskatzea zilegi da, eta beharrezkoa ere bai. Batzuek zer egin duten ondotxo dakigu. Ondorioak behintzat, bai. Denbora asko izan dute beraiek nahi zuten Azpeitiari itxura emateko. Gehiegi, nire ustez.

 Orain beste batzuen ordua da, haize berriak heldu dira herrira.