GKE

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko eka. 26a, 17:06

Gizarte guztiaren begiradapean daude. Narkotrafikoan edo armen kontrabandoan lan egingo balute bezala. Jende gutxik sinesten du beraien lanean. Edo jende gutxik sinetsi nahi du. Alde handia dago bi gauzen artean. Gobernuz kanpoko erakundeez ari naiz, ONG delakoez.

 

Duela hiru edo lau hilabete ezagun egin ziren horrelako bi erakunde. Okerrerako. Telebista kate guzietan agertu ziren egun pare batean, iruzur egin zutela leporatuta. Fondoak hirugarren munduko bazter behartsuenetara bidali beharrean ez dakit zer enpresa pribatuetan amaitzen zutelakoan. Kuriosoa da nola sinesten dugun askotan komunikabideetatik iristen zaigun guztia. Haur txiki batek koilarakada osoa irensten duen bezala tragatzen dugu informazioa guk ere. Bereziki sinetsi nahi dugunean, lehenagotik ditugun aurreiritziek horrela pentsarazten digutenean. Ahaztu egiten zaigu nonbait, egunero berri mordo bat behar duen munstro handi bat dela telebista, prentsa idatzia den bezalaxe.

 

Bat baino gehiago oso eroso sentitu zen egun haietan. “Ikuste al dek, eztik merezi holako jendiei diruik ematie,” horrelako komentario asko entzun zen.

Dirurik eman nahi ez duen jendea babestuta sentitu zen, soldatatik irabazten duen guztia berarentzat hartzen jarraitu eta bide berdinetik jarraitzeko aitzakia perfektua aurkitu zuen.

 

Zer gertatu zen azkenean erakunde hauekin? Baten kasuan behintzat ez zen ezer frogatu, epaileak erakundea ikertzeko agindua bakarrik eman zuen. Eta agindu hori, telebistan agertu baino lau urte lehenagotik emanda zegoen. Zergatik agertu zen telebista eta prentsa idatzian agertu zen garaian? Agertu al dira berriro, esandakoak berretsi edo gezurtatzeko? Zer axola dio horrek. Garrantzitsuena, egun hartako albistegiak betetzea zela ematen du.

 

Ez pentsa orain erakunde hauetan itsu-itsuan sinesten dudanik. Gehiegi sortu dira azken urteetan, eta denak beharrezkoak eta fidagarriak direla esatea gehiegizkoa da. Baina batzuetan behintzat badut fedea ( zerbaitetan izan behar da bizitza honetan ) eta ez ahaztu gobernu eta instituzio desberdinek egin beharreko lana burutu nahian dabiltzala. Gobernu aberatsenek agindu eta sinatuta duten ehuneko 0,7 hori emango balute...