Esan beharreko hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko eka. 11a, 14:06

Zenbait kasu edo egoeren aurrean oso zaila izaten da hitz batzuekin erantzun bat ematea. Adibide bat jarriko dizuet. Ez zaizue inoiz gertatu azkenaldian topo egin gabeko norbaitekin kalean geratu eta berak galdetzea: eta, zer moduz zaude ba? Eta zuk, inozo aurpegia jarri eta, bolada txarra pasatzen ari zarela onartu beharrean, edo egun petrala duzula erantzuteko puntuan zaudenean, betiko “ondo” lehor eta txepelarekin erantzuten amaitzea. “Gaizki” esan behar zenukeen “ondo” hori esan eta gero, harritu eta dena egiten zara, zalantza egiten duzu ea zure hitzak izan ote diren benetan zure ahotik irten diren horiek.

 

Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste batzuetan pentsatzen ari garen hori esatea?

 

Zergatik itxurak mantendu nahi hori?

 

Errealitatea ez dena erakutsi behar hori?

 

Eman diguten edukazioaren ondorioa da? Ala bakoitzak dugun izaeraren ordaina?

 

Beste adibide bat. Festa batzuetan gaude eta lagunekin parrandan gabiltza. Goizeko 5ak dira eta nahikoa alkohol edanda zaude dagoeneko. Ez duzu gehiago edateko gogorik. Baina aurreko 10 eurokoen kaja amaitu da eta lagunek beste 10eko bat egitea proposatzen dute. Baina nahikoa duzula esan eta paso egin beharrean, “ez” esatea nahikoa duzunean, beste 10 euro botatzen amaitzen duzu azkenean. Ordurako nazka ematen hasi den zerbezari bi trago eman eta barran uzten duzu beste guztia. Ez zaizue inoiz gertatu? Ez zaizue inoiz tonto aurpegia geratu horrelako zerbait egin eta gero?

 Batzuetan mihia zapaldu eta isilik geratzea komenigarria izaten da, baina benetan pentsatzen ari garena esateko ausardia handiagoa izan beharko genuke sarritan. Une edo egoera batzuen aurrean zaila bada ere.