Igo gabeko norbait?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko mai. 29a, 19:05

Joan den Igandean xoxoteko eguna ospatu zen eta, gai hau kontuan hartuta, eztabaida txiki bat izan genuen familiako batzuen artean. Ez dut gogoan nola iritsi ginen puntu hartaraino baina, kontua da, Azpeitiko biztanleetatik ( ia 14.000 pertsonetatik ) xoxotera inoiz igo gabeak zenbat izango ginen kalkulatzen aritu ginela. Baten batek esan zuen, eta ni ez nengoen ados, Azpeitiar guztiak egongo zirela noiz edo noiz gure herriko mendi mitikoenenaren gailurrera igoak.

 

Hasiera batean ematen duena baino konplikatuagoa izan daiteke auzia. Adibidez, bat etorriko zaretela uste dut 10 urtez beherakoen zerrenda kontuan hartu gabe uzten baldin badugu, ezta? Berdin esan daiteke noski ezinduen zerrendan, zorionez gaur egun 4x4ko edozein autotan goraino iristeko aukera denon eskura badago ere. Gaur egun jubilatuak izan eta Azpeitian jaio direnen zerrendan gehien-gehientsuenak igota egongo direnaren susmoa dut, baina hemen ere topatu dezakegu ziurrenik ezusteren bat.

 

Gai honekin zerikusia duen beste galdera bat ere badatorkit burura. Nire irudipen hutsa bakarrik da ala xoxoteko egun honek garrantzia gehiago zuen duela 10 edo 20 urte? Ez dakit, beharbada, duela urte batzuk aisialdirako aukera gutxiago zegoen eta horrelako egun seinalatuak gure egutegietan gurutze batekin marrazten genituen, egun batzuk lehenagotik noiz iritsiko ziren irrikaren esperoan. Baina gaur egun, gazte eta ez hain gazteek kanpora ateratzeko joera gehiago izaten dute eta agian egun honek lehen zuen distiraren zati bat galdu du.

 

Ez dakit, beharbada dena nire irudipena bakarrik da, edo okerragoa dena, zahartzen ari naizenaren seinale garbia...

 Mendizale edo xoxoterekin maiteminduta dagoen norbaitek bere iritzia emango balu...