Esklabo berriak?

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko mai. 11a, 23:05

Pako Aristiren “note book” liburua irakurtzen egon naiz duela gutxi. Pare bat orriko narrazioez beteta dago liburua, batak bestearekin zerikusirik izan gabe. Liburu guztien antzera, gehiago gustatu zaizkit zati batzuk besteak baino. Dena den, orokorrean liburu aipagarria iruditu zait. Eta gizarte honek dituen ahuldade edo hutsune asko bereizten laguntzen duela uste dut.

 

Narrazio horietatik bat baino gehiago aipatuko nituzke gustura baina, hemen horretarako lekurik ez dudanez, narrazio bateko zati batzuk ipintzen dizkizuet hemen, norbaitek nik estimatu haina estimatuko duelakoan. Esklabo berriak deitzen da.

 

“Esklabo berriak izenburua gogorregia da gauza guztiak askatasunez egiten ditugula dirudien garai honetarako, baina ez dut aurkitu gure nekea, azken urteotan, hobeto definituko lukeen beste adigairik.”

 

“Batzuk anbizio hutsez bihurtzen dira esklabo; besteak derrigortuta sentitzen direlako... askatasuna aldarrikatzen duen gizarte honek presio-puntu ugari eta itogarriak asmatu ditu jendea modu zehatz batean bizitzera derrigortua senti dadin, eta gutako bakoitza benetan hori nahi duela sentitzera iritsi dadin.”

 

“Gauzak erostea gizartean egoteko modu bat bilakatu da. Zenbat gauza erosten ditugun ofertan daudelako, eta ez behar ditugulako!.”

 

“Esklabo berria otzana izaten da boteretsuekin, zuria goian dauzkanekin, koldarra berriz indartsuagoekin... baina bere ustez merezi duen onarpenik jasotzen ez badu etxean anker bihurtuko da; esklabo berria gupidagabea da ahulekin, zakarra azpian dauzkanekin.”

 

“Esklabo berriak dirua erraz irabazteko aukera guztiak aprobetxatzen ditu, lagunak erraz galtzen aspaldi ikasi baitzuen. Ordu estrak maite ditu esklabo berriak, auto handiak, eta bigarren etxea edukitzea: bizitzekoa berria izatea eta oporretakoa leku egokian egon dadila. Bere gurasoen aldean bizitzari beste distira bat eman diola uste du baina ez da ezer bankuko txartel guztiak kendu eta Tangerren bakarrik uzten baduzu.”

 

“Esklabo berria galduta dago mundu honetan: ez daki non dagoen bizitzeko behar den gutxienekoaren eta bizitza galarazten dion lana egin beharraren muga; hor arraia bat dagoenik ere ez du pentsatu.”