Eguneroko protagonistak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Ibarguren 2007ko mai. 1a, 03:05

Egunero agertzen dira komunikabideetan. Prentsa, irrati eta telebistan. Hutsik gabe. Beraien presentzia bizitzeko ezinbestekoa izango bagenu bezala. Eguneroko ogia edo arnasa behar ditugun bezala behar ditugula ematen du. Nola jarraitu aurrera bestela!!!

 

Azter dezagun edozein eguneroko albiste saio bat,  “Gaur egun” bera, adibidez. Badira egunero azaldu behar duten berriak. Auto istripuak egunero agertzen dira. Ez gaituzte batere harritzen. Zergatik? Egunero gertatzen direlako. Baina hala ere, nire ustez, azaldu egin behar dute. Auto istripu hori izan duen pertsona, bakarra delako, besteekin alderatuz desberdina eta, inguruko famili eta lagunengan eragin duen samina ikaragarria izango delako.

 

Irak ere egunero azaltzen zaigu. Apenas erreakzionatzen dugun aurkezleak hamar, hogei edo berrogeita hamar pertsona hil direla aipatzen duenean. Anestesiatu egin gara. Hain bihurtu zaigu ohikoa hango atentatuen berri entzutea ze, egunero berri bera ( juxtu bera) entzuten ari garela ematen du. Baina hala ere, nire ustez, ondo dago berri hori ematea ere, jendeak zer gertatzen ari den jakin behar baitu, eta han hildako jende errugabe bakoitzak, gure moduan, bere historia du,  amets eta pena guztiak barne. Ez direlako ez gu baino gehiago ezta gutxiago ere.

 

Horregatik, higuin edo amorru moduko bat sentitzen ari naiz aspaldian politikoak egunero ikusten ditudanean. Bazter guztietan ageri dira eta guk kontsumitu egiten ditugu,  nahi edo ez, guregan halako menpekotasun zentzazio bat sortaraziz. Lehen ez zitzaidan gehiegi axola baina aspaldian, ezin dut jasan. Badakit polítika inguruan dabiltzanak edo alderdi politikoei berebiziko garrantzia ematen dien orok artikulu hau kritikatzeko arriskua hartzen ari naizela, baina gero eta nazka handiagoa sentitzen dut egunero Zapatero, Rajoy, Ibarretxe, Imaz eta atzetik ibiltzen dituzten morroi guztiak ikusi beharraz. Zergatik azaldu behar dute egunero telebistan? Zergatik entzun behar ditugu egunero gauza berdinak? Horren garrantzitsuak badira zergatik ez dute behingoz Euskal herriko gatazka konpontzen? Justifikatu ahal izango dituzte egunen batean jende honek irabazten dituzten diru kopuruak? Horrenbeste errespetu zor diegu? Errespetua, uste dut, irabazi egin behar da.

 

Errespetua merezi dute isilean lan pila egin eta soldatarik irabazten ez duten etxeko andrek. Errespetua merezi dute beharrak eraginda atzerrira joan eta bizimodu berri bati ekin behar izan dioten etorkinek. Errespetua merezi dute pentsio miserable batekin bizitzera behartuta dauden  alargunek. Errespetua misiolariek merezi dute, beste mundu bat posible dela sinetsi eta gauzak aldatzen saiatzen direlako, edo atzegi bezalako erakundeetan dirurik ikusi gabe lan egiten duten boluntarioek. Edo presoen eskubideen alde borrokan egiten dutenek. Hauek ez dira egunero telebistan agertzen. Zergatik ote?

 

Gizartea aurrera ateratzeko orduan, politikoak garrantzitsuago dira goian aipatutako hauek baino? Hala gizartean agintzen dutenek politikoak garrantzitsuago direla sinestarazi nahi digute?

 

Amaitzeko aholku bat: albistegi desberdinak ikusi nahi baldin badituzue

( hau da, politikari gutxi ikusi nahi baduzue ) ikusi La 2 kateko albistegiak.Beste kateetan ia aipatzen ez diren kontuak ( animaliak, ekologia, globalizazioaren aurkako ekintzak...) aipatzen dituzte. Albistegi desberdinak dira.