Herriarteko pilota txapelketaren itzulerako partida ikustera joateko autobusa antolatu du Ilunpek

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2017ko eka. 21a, 15:50
Argazkia: Eneritz Albizu.

Partidetara joan nahi dutenek ostirala baino lehen eman beharko dute izena. 17:30ean abiatuko dira autobusak anbulatorioko eta Damasoko geltokietatik, eta pilota partidak amaitzean itzuliko dira Azpeitira.

Ostiral honetan, ekainak 23, Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko esku-pilota txapelketaren finalaurreko itzulerako partidak jokatuko ditu Ataunen, 19:00etan hasita. Joanekoan Frontoi Txikian 2 eta 1 aurreratu ostean, eta tanto diferentzia alde izanik, kanporaketa borobildu beharko dute azpeitiarrek.

Zaleei partidak ikustera joatea erraztu nahian, doako autobusak antolatu ditu Ilunpek. 17:30ean abiatuko dira autobusak anbulatorioko eta Damasoko geltokietatik, eta pilota partidak amaitzean itzuliko dira Azpeitira. Doako autobus zerbitzu hori erabiltzeko, beharrezkoa da ostirala baino lehen izena ematea. Horretarako, hiru bide daude: ilunpeelkartea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzea izen-abizenak, kontakturako telefonoa eta autobus zerbitzua erabiliko duten lagun kopurua zehaztuz; Frontoi Txikian Ilunpek duen bulegoan jakinaraztea; edo Korrale eta Mugari tabernetan jarri den izen-emate orria betetzea.

Azpeitia eta Ataunekin batera, beste finalaurreko partidan Oiartzun eta Zizurkil arituko dira lehian. Joan den astean, Zizurkilek 2 eta 1 irabazi zion Oiartzuni joaneko partidan. Finalerako txartela eskuratzeko bidean, zaleen bultzada inoiz baino garrantzitsuagoa izango da.  Horregatik, Ilunpek pilotazale guztiei Ataunera joateko deia luzatu nahi die.