Ilunpe Pilota Elkartea denboraldi berriari ekiteko prest

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2016ko ira. 12a, 18:15

Datorren astelehenean hasiko diren entrenamendu saioetarako egutegia eta ordutegiak zehaztuta daude, mailaz maila. Ostiral honetan, berriz, afizionatu mailako pilota partidak jokatuko dira Frontoi Txikian 22:00etatik aurrera, aurreko denboraldian herritarrek adierazitako babesa eskertzeko.

Udako atsedenaldiaren ostean eta ikasturte berriarekin batera, Ilunpe Pilota Elkarteak denboraldi berria hasiko du. Datorren astelehenetik aurrera, pilotarien entrenamenduek berriro ere Frontoi Txikia hartuko dute.

Mailaka banatuta, honakoa izango da entrenamendu ordutegia: aurre-benjaminek (2009-2010 urteetan jaiotakoak) larunbat goizetan izango dute hitzordua, 10:00etan hasita; benjaminek (2007-2008 urteetan jaiotakoak) astearte eta ostegunetan izango dituzte entrenamenduak, 18:00etatik aurrera; alebinek (2005-2006 urteetan jaiotakoak) astelehenetan eta ostegunetan, 18:00etan hasita; infantilek (2003-2004 urteetan jaiotakoak) asteazkenetan 18:00etatik 20:00etara izango dute txanda; kadeteek (2001-2002 urteetan jaiotakoak) astearteetan, ordu berean; eta jubenilek (1999-2000), azkenik, astelehenetan, 18:00etatik aurrera.

Frontoi ezberdinak erabiliko diren arren (Frontoi Txikia, Izarraitz, Urrestilla, Betharram), Ilunpe Elkartean izena eman nahi duen orok Frontoi Txikira agertu beharko du, bere mailari dagokion entrenamendu ordutegian.

Ostiralean afizionatuen partidak, Frontoi Txikian

Bestalde, denboraldi berriari hasiera emateko eta, aldi berean, aurreko urtean herritarrek adierazitako babesa eskertzeko, afizionatu mailako pilota partidak antolatu ditu Ilunpek. Horrela ostiralean, irailak 16, 22:00etan hasita, goi-mailako bi pilota partida jokatuko dira Frontoi Txikian. Azpeitiko pilotariak eta egungo afizionatu mailako pilotaririk onenak elkartuko ditu jaialdiak eta sarrera doan izango da.