Frontoi Txikian eta Bergararen kontra estreinatuko da Ilunpe Herriartekoan, gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2016ko mai. 20a, 08:23
Abian da berriro ere Gipuzkoako Herriarteko esku pilota txapelketa. Azken bi asteetan lehen kanporaketak jokatu dira eta asteburu honetan, final zortzirenetako kanporaketak jokatuko dira. Fase honetan emango dio hasiera txapelketari Azpeitiko taldeak eta Bergara izango dute aurkari Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek osatuko dituzten hiru bikoteek. Bergararrek Lasarte gainditu zuten lehen kanporaketan.\ \ Nahiz eta, zozketak hala erabakita, kanporaketako lehen partidak Bergaran jokatzea tokatu, aste honetan Bergarako udal pilotalekua ez dago erabilgarri eta alderantziz jokatuko dira, joanekoak Azpeitian eta itzulerakoak Bergaran. Honenbestez, gaur, ostirala, Azpeitiko Frontoi Txikian, 22:00etatik aurrera, Herriarteko esku pilota izango da jokoan, Azpeitia eta Bergara aurrez-aurre.\ \ Joan den urtean Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelak Azpeitira ekartzea lortu zuen taldeak egitura mantentzen du. Horrela, kadete mailan Julen Egiguren eta Mikel Unanue arituko dira; jubeniletan Gorka Iriarte eta Jon Alberdi; eta senior mailan Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo. Edonoren aurka lehiatzeko taldea izango du, beraz, Azpeitiak.\ \ Aurtengoan, gainera, babesle berrien laguntza izango du Ilunpe Elkarteak, Korrale tabernak eta Arimar enpresak herriko pilotaren aldeko apustua egin baitute pilota elkarteari esku bat botaz.\ \ Ohi bezala, giro ona eta maila handiko pilota ziurtatuta izango da. Hau gutxi balitz, Kutxillo-ren eskutik otarre eder baten zozketa ere egingo da. Beraz, azpeitiar guztiak Frontoi Txikira gerturatzera animatu nahi ditu Ilunpek. Hitzordua gaur, 22:00etan.