Gol aukerak ez aprobetxatzea garesti ordaindu zuen Ikasberrik Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Ikasberri Kirol Elkartea 2015ko mar. 2a, 16:43
Ikasberri Erregional Preferente mailakoek galdu egin zuten joan den astean Zumaian. Lehenengo zatia oso berdindua eta erritmo handikoa izan zen, bi taldeek askorik arriskatu gabe nahi izan zuten partida eramatea. Hiru aukera on egon ziren lehen zati horretan, bata zumaiarrentzat, geldikako jokaldian, eta bi nabarmenenak Ikasberrirentzat, jokaldi banatan. Lehenengo zatiko lehen aukera Mikel Landak izan zuen; jokaldi on baten ostean bere jaurtiketa gurutzatua kornerrera bidali zuen atezainak. Bigarrena, berriz Joanes Olaizolaren jokaldi bikain baten ostean izan zen: Joanesek area ertzean baloia hartu, bi jokalari lurrean utzi eta jaurtiketa kanpora joan zitzaion. Lehenengo zatian, golik ez.\ \ Bigarren zatiak argi erakutsi zuen lehen zatian izan zen erritmoan segitzerik ez zela eta partida puskatzen hasi zen. 55. minutuan, eskuinetik egindako erdiraketa bat sareetara bidali zuten zumaiarrek. Ikasberri, markagailuan atzetik, partidaren bila joan zen eta hiru aldaketa egin zituen golaren ostean. Aldaketen ondoren asko hurbiltzen hasi zen Ikasberri zumaiarren atera, gol aukera onak sortuz. Igor Alberdik 63. minutuan baloia langara bidali zuen, hiru minutu geroago Jon Igarataundiren ere burukada gutxigatik kanpora, eta Mikel Landak beste aukera garbi bat izan zuen area txikian. Golik ez sartzea garesti ordaindu zuten, ordea, azpeitiarrek, 80. minutuan, epaileak berak bakarrik ikusi zuen penaltia adierazi baitzuen eta Iturrikastillo gorri zuzenarekin kalera bota. Azkenean, 2-0ko markagailuarekin bukatu zen neurketa. Aste honetan Anaitasunari irabazi beharko dio Ikasberrik, salbaziora hurbiltzen joateko. Igandean, 16:30ean jokatuko dute partida, Azkoitian.\ \ Egun berean, Lehen Erregional mailakoek erraz irabazi zuten etxetik kanpo, 1-4, eta sailkapenean goraka doaz. Jubenil neskek ezin izan zuten Lazkaoren aurka etxean irabazi. Mutilek, berriz, sendo jarraitzen dute eta 2-1 irabazi zuten etxean; hauek sailkapenaren hirugarren lekuan jarri dira jada. Kadeteen bi taldeetako batek Lagun Onaki 5-0 irabazi zion, eta besteak 5-3 galdu. Infantilek ere ezin izan zuten azkoitiarren aurka eta 0-4 galdu zuten.