Imanol Zubizarretarekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2009ko ira. 25a, 18:09

Azken urte hauetan lan ugari ari dira egiten Iraurgi Saski Baloikoak gazteekin, eta apurka apurka hasi dira emaitzak talde nagusian nabaritzen. Aurtengo denboraldiari arrobiko jokalari baten debutarekin eman zion hasera Lan Mobel ISB-k, beraz ezagutu dezagun apur bat debuta egin zuen 17 urteko jokalari gaztea.

 

-Kaixo Imanol, eskerrik asko elkarrizketa hau onartzeagatik, beraz hasi gaitezen lehenbailen.

-Aurreko larunbatean egin zenuen debuta Iraurgiko talde nagusiarekin. Nola bizitu zenuen une hura?

Ba egia esan, kantxara irtetzeko esan zidanean oso urduri jarri nintzen baina beste aldetik izugarrizko poza sentitu nuen. Araberriren aurka euskal kopan ere jokatu nuen apur bat baina Azpeitin askoz ere urduriago jarri nintzen. Nire bizitzako momenturik garrantzitsuenetako bat izan da dudarik gabe.

-Askotan amestu izan duzu une honekin?

Iraurgin jokatzen dugunontzat garbi dago sekulakoa dela EBA-ko taldearekin debuta egitea (debuta egitea baino gehiago, mantentzea taldean) eta egia esan askotan pentsatu izan dut nolakoa izango litzakeen debut hori. Txiki txikitatik Iraurgiren partidu pila ikusi ditut eta barru barrutik sentitzen dut talde hau, beraz, oso pozik nago. Hala ere, esan beharra dakukat debut honek ez duela ezer ere esan nahi eta berdin berdin jarraituko dudala taldeari ahal dudan moduan entrenamenduetan laguntzen, hori baita gaur egun gazteon eginkizun nagusia. Gure lekua gaur egun autonomikako taldean dago eta gustu haundiz jokatuko dut bertan, talde gazte eta kalitate handikoa baitago.

-Taldeko jokalari beteranoek zerbait esan zizuen, kontsejuren bat edo kantxaratu aurretik?

Ba gazteei beti esaten zaien bezela, lasai jokatzeko esaten zidaten eta ez presiorik sentitzeko. Behin kantxan nengoela, aukera izanez gero, lasai jaurtitzeko esaten zidaten.

-Betidanik egon zara Iraurgi saskibaloiko taldeetan. Esaiguzu laburrean zein izan dan zure zure ibilbidea.

Ba bai, txiki txikitatik nabil talde honetan eta esan beharra dago lagun pila egin ditudala saskibaloiari esker. Minietan hasi nintzen eta ondoren kanasta handietara pasa ginen infantiletan. Infantil 1. urtean nere adinekoekin jokatu nuen eta 2. urtean kadeteekin. Honen ondoren, kadeteetan beste bi urte jokatu nituen nere adinekoekin, hau da, txiki txikitatik ezagutzen ditudan lagunekin. Pasa den urtean junior eta autonomikan jokatu nuen eta urte honetan, hau da junior 2. urtean, autonomikan jokatuko dugu.

-Saskibaloia hobbitzat duzu? edo zerbait gehiago dela esan daiteke zuretzat?

Txikitatik saskibaloiarekin lotuta egon da nire bizitza eta esan beharra daukat momentu ikaragarriak pasa ditudala. Saskibaloia nire hobbia dela esan daiteke izugarri ondo pasatzen baidut saskibaloian jokatzen eta saskibaloiarekin erlazioa duen edozer gauza egiten, esaterako, umeak entrenatzea ere asko gustatzen zait.

-Odoloean ekarri duzula esan dezakegu saskibaloiaren sena, zure aita ere hainbat urteetan saskibaloiko jokalaria izan baitzen. Kontseju ugari izan dituzu bere aldetik?

Egia esan, berak inoiz ez dit bultzatu saskibaloia aukeratzera futbola edo beste kirolen aurretik. Nik nahi dudana egiteko esaten zidan beti eta nik garbi neukan saskibaloian jolastea nahi nuela nahiz eta futbola ere esaterako, gustatzen zitzaidan. Hortik aurrera, nire aita hainbat urtetan izan da nire entrenatzaile eta milaka zuzenketa egin dizkit.

-Orain pentsatzen dut zure helburuetako bat, Iraurgiko talde nagusian apurka apurka lekutxo bat egitea izango dela, oker nago?

Guk (iraurgin jokatzen dugunok) beti pentsatu izan dugu lekuren bat edukitzearekin lehenengo taldean. Lehen esan dudan bezala, orain nire helburua beraiei entrenamenduetan laguntzea da eta apurka apurka lekutxoren bat egiten badut askoz hobeto. Hala ere, ezin naiz hori pentsatzen geratu. Gazteok gustora jokatuko dugu autonomikako taldean eta egunen batean EBA-ko taldean jolasteko aukera iristen bazaigu ondo baino hobeto, nahiz eta ez den batere erraza izango.

-Alde handia nabarmentzen da Liga EBA bezelako maila batean sartzen zarenean?

Izugarri nabarmentzen da. Beraiekin entrenatzearekin bakarrik izugarri ikusten da ze kalitate dagoen talde horretan postu guztietan. Entrenamientuen kalitatea azpimarratzekoa da denek ematen baidute beraien guztia entrenamientu bakoitzean.

-Aurreko urtean Jon Txakartegi entrenatzaileak, Iraurgin bere lehen denboraldia izateaz gain, izugarrizko erakustaldia eskaini zigun saskibaloiko zaletu guztioi. Zer moduz moldatzen zara berarekin? Ze iritzi duzu berataz?

Entrenatzaile gogorra da eta oso detallista eta hori eskertzen da. Akats txikienak era ikusi egiten ditu bai defentsan zein erasoan eta ondorioz, entrenamientuak teknikoki (jokalarien kalitateari esker) eta taktikoki (Txakar eta Laxkanoren zuzenketei esker) oso aberatsak izaten dira. Asko ikasteko aukera dugu urte honetan.

-Arrobiko jokalariak hasi zarete poliki poliki agertzen. Garai berri baten hasera izan daiteke hau?

Iraurgi taldea orain dela urte batzuetatik aurrera, izugarrizko lana egiten ari da gazte zein umeekin eta gaur egun, ume azpeitiar pila bat ari dira saskibaloian jolasten. Ondorioz, aukera gehiago daude EBA taldean etorkizunean azpeitiar gehiago egoteko.


-Amets pixkat egin dezagun Imanol. Saskibaloi mundu honetan, zein izango litzateke zure benetako ametsa?

Etorkizunean saskibaloiarekin gaur egun arte gozatu dudan bezainbeste edo gehiago gozatzea da nire ametsa. Hori gertatuz gero, ez da batere seinale txarra izango, gauzak ondo dijoaztela, alegia.

-Orain galdera motz batzuk. Munduko zein talde duzu gustuko?

Iraurgi Saskibaloi Taldea.

-Eta jokalari gogokoena?

Sarunas Jasikevicius eta Steve Nash.

-Zein entrenatzaileri ematen dizkiozu merituak?

Txikitatik gaur egun arte entrenatu didaten entrenatzaile denei, denetatik ikasten baita zerbait.

-Saskibaloi amerikarra edo europearra?

Europearra, dudarik ere egin gabe!

-Zergaitik?

Askoz ere kolektiboagoa delako jokua eta han fisikoa erabiltzen duten bitartean hemen entrenaturiko teknika eta burua erabiltzen dira. Taktikoki ere askoz ere aberatsagoa da.

Bueno Imanol, espero nazkatu ez izana galdera sorta honekin. Esker mila zure denbora eskaintzeagatik, eta zorte on hasi berri duzun ibilbide zail honetan. Hurrengo astean ere, kantxan ikusiko zaitugun esperantzan, agur bero bat.

----------------------------------------------------------------------------------

Egunero idazten dudan nire blog pertsonala irakurri nahi duenak, klikatu ondorengo helbidean: http://ibarzabaltxokoa.wordpress.com/