"Schubert", merezitako omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2008ko mai. 6a, 18:05

Pasa zen apirilak 5ean ospakizun bat izan genuen Azpeitian. Jose Luis Frantzesena “Schubert”, hainbat urtean zehar Azpeitiko Musika Bandako zuzendari izan zenari omenaldi bero bat egin genion herritarrok.

 

Omenaldi honetan mota guztiko talde eta jendeak hartu zuten parte, “Schubertek” bere ibilbidean eginiko lan guztia eskertzeko asmoz. Izarraitz pilotalekuan jaialdi batez eman genion hasiera, eta bertan ziren Udal Musika Banda, Julian Barrenetxea eta Parrokiko abesbatzak, Juan Antxieta Musika Eskola, Dantza Sueltoko Eskola, Itsasi Dantza Taldea, Eltziegoko dultzaineroak, Izarraitz Txistulari Elkartea, Azpeitiko Argazki Elkarteak, Azpeitiko Udaletxea eta nola ez, herriko jendea.

 

Jaialdi polita irten zela iruditu zitzaidan, oso etxeko giroan, gure nahia behintzat omenatua horrela sentitu zedin zen. Eta jaialdiaren ondoren, aipaturiko famili giro horretan afari batez eman genion amaiera Kiruri jatetxean, gaueko ordu txikiak-arte luzatuz ospakizuna.

 

2007-ko San Inazioetan, “Schubertek” eskaini zigunean Azpeitiko Musika Bandarekin bere azken kontzertua, bi hitz idatzi nizkion nire Blog pertsonalean herriaren alde eginiko guztia eskertu nahirik.

Orain Uztarrian ere Blog-a dudanez eta omenaldia egin berri diotenez, aproposa iruditu zait aipatzea.

 

Aurreko idatzian esan nizun bezala “Schubert”, erretiratu zara Udal Musika Bandatik, baina hor gelditu zaizkigu zure hainbat kanta, herria animatzen duen musika, jende ugari biltzen gaituen musika. Horretaz gain, jende gazte askorekin egin duzu lan, haur zirenetik pixkanaka musika munduan sartuaz, gaur-egun daukagun Udal Banda ikusi besterik ez dago bestela.

 

Eskerrik asko guztiagatik eta ez utzi mesedez konposatzeari. Omenaldian aipatu zenigun proiektu berri hori ere ea burutzeko aukera izaten duzun, eta noizean behinka jo musikaren ateak “Schubert” jauna.

 

P.D.

Omenaldian atera nituen argazkiekin diaporama bat egin dut nahi duenak deskargatu: Diaporama.

 

Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa