Ate joka dugu Herrira Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Herrira 2013ko uzt. 24a, 14:39
Herrirako kideak balantzarekin.

Iada ate joka ditugu Azpeitiko festak, eta tartean dugu, uztailaren 27an, Herrira Eguna, Euskal Preso Politikoen eskubideen alde jaia eta aldarrikapena uztartuko dituen eguna.

Aurtengo Herrira egunean ekimen ezberdinak eramango dira aurrera arratsaldetik hasita, egitarauan ikusi ahal izango duzuen bezala. Baina eguneko ekimen zentrala Juan Karlos Arruti Paterra herrikideak pairatzen duen 197/2006 doktrina ankerraren ingurukoa izango da. Hilabeteak daramatzagu doktrina honen inguruko lanketa egiten herrian: Moskeo kanpaina, hitzaldia, sinadura bilketa, eta berau aurkitzen den Kordobako espetxera martxa besteak beste. Herrira eguna, herri bezala, doktrina eskubide urratzaile honekiko gure desadostasuna adierazteko bitartekoa izango da aurtengoan, eta horretarako herritar orok parte har dezaken ekimenak prestatu ditugu:

Alde batetik, Tafallan hasi eta pixkanaka Euskal Herriko txoko ezberdinak zeharkatzen ari den Herritarron Epaia-ko liburua egongo da Azpeitiko plazan, non herritar orok bere ekarpena egin ahal izango duen 197/2006 doktrinarekiko desadostasuna agertu eta Paterraren askatasuna eskatzeko.

Bestetik, balantza handi bat egongo da plazako kioskoan, balantzaren alde batek aipaturiko doktrina, eta besteak honekiko herritarron desadostasuna irudikatuko dituelarik. Horrela, koadrila, norbanako edo eragile bakoitzak bere hondar alea botako du balantzan, herritarren aldeak irabaz dezan. 

Gainera, arratsaldean zehar plazatik igaro ahala, bakoitzak bere aulkia jarriko du kioskoaren bueltan, ordulariaren mosaikoa osatuz, Horrela, arratsaldeko 19:00etan plazan egingo den ekitaldian, zeinetan antzerkiaz, bertsolaritzaz, musikaz eta bestelako jarduerez gozatu ahal izango dugun, bakoitza bere aulkian eseriko da, eta ekitaldiaren amaieran olatu erraldoi bat egingo dugu balantzari azken bultzada emateko.

Azkenik, 21:00etan, Berdura plazan jaki gozoez tripa betetzeko aukera izango dugu.

Horrenbestez, herritar oro gonbidatuak zaudete egunean zehar egingo diren ekimen ezberdinetan parte hartzera.