Gazte ugari elkartu da Gaztetxean, Eurokopa Honi Ez dinamikaren hitzaldian

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2019ko aza. 22a, 11:30

2020ko Eurokopa Bilbon jokatzeak Euskal Herrian izan ditzakeen ondorioez solastu ziren atzo, osteguna, Azpeitiko Gaztetxean. Eurokopa Honi Ez dinamikako kideek hitzaldia eskaini zuten bertan, eta jende ugari animatu zen solasaldira. Joan zen martxoan sortu zuten Eurokopa Honi Ez dinamika, futbol jaialdi horrek Euskal Herriko langileengan izango dituen "kalteak" gizarteratzeko helburuarekin. Hori dela eta, azken hilabeteotan hitzaldi bira egiten ari dira Euskal Herrian zehar, eta atzokoan Azpeitian egin zuten geldialdia. 

Aurrena, Eurokopa Honi Ez dinamikaren nondik norakoak azaldu zituzten. Sustatzaileen hitzetan, Eurokopa "Euskal Herriko eta Espainiako burgesiak Bilbora eramango duen hurrengo makro-ekitaldia izango da", eta horrek hainbat ondorio izango dituela diote. Ondorio horiek Bilbon ez ezik Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere nabarituko direla diote Eurokopa Honi Ez dinamikako kideek. Horregatik, "futbol esparruaz gaindiko" analisi baten beharra aldarrikatu zuten atzokoan. Azaldu zuten burgesiak haren "klase interesen neurrira moldatutako eskaparate hiri" bihurtuko duela Bilbo. Izan ere, dinamikako kideen aburuz, Eurokopak langile klasearen esplotazioa du oinarrian: "Bizitzen prekarizazioa, espazio publikoaren merkantilizazioa, langileen esplotazioa eta gure lurren militarizazioa ekarriko ditu 2020ko Eurokopak". Emakume langileengan ere jarri dute begirada: "Emakume langileak izango dira dimentsio hauetako ekimen baten ondoriak;gehien sufrituko dituztenak,garbitzaileak edo ostalariak,esaterako. Makroekitaldi hauek emakume langileek egiten duten lana gutxiesteko mekanismo izateaz haratago sektore honen prekarizazioa areagotzeko tresna ere badira"

Behin dinamikaren oinarriak aurkeztuta, aurreikusten dituzten ondorio horiek zein motatakoak izango diren eta nola emango diren azaltzeko bideo bat eskaini zuten Gaztetxean. Dinamikaren sozializazio kanpainarekin amaitzean, beste ekimen batzuei helduko dietela aurreratu zuten Eurokopa Honi Ez-eko kideek, eta horietan parte hartzeko deia egin zieten Gaztetxean elkartutakoei. Amaitzean luntxa izan zen hitzaldira animatu zirenentzat.