Errepresio kasuen aurrean, elkartasun argazkia eta borroka

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie | Politika | Argazkia
2018-04-25 11:02

Larria da egungo egoera: errepresio kasuak eguneroko ohi bihurtzen ari dira. Gero eta arruntagoak bilakatzen ari dira prozesu judizialak, isunak, atxiloketak, heriotzak eta beste hainbat kasu. Egunero iristen zaizkigu horrelako notiziak. Baina horrekin batera oso fenomeno arriskutsu bat ari da garatzen: normalizazioa. Hau da, errepresio kasuak eguneroko ohi bihurtzearekin batera, errepresio kasu horiek ohikotzen ari dira, naturalizatzen ari dira. Gure aurkako ofentsibak etengabea dirudi eta panoramak gero eta kolore ilunagoa dauka.

Altsasuko zortzi gazteen kasua dugu adierazgarriena. 2016ko udazkenean taberna batean kalez jantzitako bi Guardia Zibilekin izandako liskar baten ondorioz, terrorismo delituen akusaziopean aurkitzen dira gazte horiek. Fiskalak 50na urteko espetxe zigorra eskatzen die sei gazteri, 62 urtekoa bati eta 12 urte besteari. Guztira, 375 urte auziperatu guztientzat. Kasu horrekin agerian geratzen ari da botere judizialaren erabilera arbitrario eta desproportzionala. Botere egituraren aurkako aukera oro ezerezean utzi nahi da. Ikusten ari gara prozesu judizialen erabaki ahalmenaren azken instantzia boterea dela, burgesiaren boterea. Estatu baten ezaugarri konkretuen gainetik, klase egituran oinarritzen den aginte kapitalistaren boterea bere dimentsio handienean agertzen ari da azken aldian. Eta tendentzia horrek iragungo duela dirudi.

Baina kasu horrez gain badaude beste milaka kasu ere: Iruñako sei gazteen aurkako kasua; CDR-en (Comites de Defensa de la Republica) aurkako operazioa; Pablo Hasel eta Valtonycen kontrako kasua (horiez gain La Insurgencia, Strawberry, etab.); ZAD-en desjabetze biolentoa; ekintza faxista bat gelditzeagatik Erronkariko hiru pertsonen kontrako kondena; Hernaniko institutu bateko sei ikasle kondena Gudari Eguneko gertakizunengatik; etab.

Horiez gain, badaude oharkabean pasatzen diren zenbait gertaera ere: Leioako Printza eta gurutze gorriaren desalojoa, Errekaleorren aurkako intentzioak, Gernikako gazte asanbladaren blokea desalojatzeko saiakerak; Gasteizko mugimendu feministari jarritako multa;eta zerrenda luze bat.

Errepresioaren irismena noraino iristen den ikus dezakegu kasu horien bitartez. Gure errealitatearen gaineko kontrol eta botere ezarekin lotuta ageri zaigu errepresioa, horrek gure dominazio egoera bermatzeko balio baitu. Gaur egun etsaiaren boterearen irismena bizitzako esparru guztiraino zabaldu da, osotasuna sistema kapitalistaren funtzionamendura egokitu delarik. Horrekin batera, klase ofentsibak sistemaren aurkako mugimendu oro suntsitu nahi du, horrela erakusten digute aipatutako kasuek. Gure subordinazio totala inposatu nahi du etsaiak eta egunero saiatzen da hori horrela izan dadin.

Egoera honen aurrean, ostirealean Azpeitiko plazan egingo den elkartasun argazkira gerturatzeko dei egiten dizuegu. 20:00etan jarri dugu hitzordua.

Errepresioaren aurrean, elkartasuna eta borroka

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa