Sortzera animatzeko, bideogintza ikastaroa antolatu du Gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie | Kultura | Artikulua
2018-04-11 13:03

Oraingoz, saio bakarra prestatu dute Gaztetxeko kideek, eta hori apirilaren 16an emango dute, 18:00etan hasita. Parte-hartzaileek beren ordenagailua eta sortzeko zein ikasteko gogoa eraman beharko dituzte saiora. Besteak beste, herritarrak film laburrak egitera eta beraien edukiak sortzera animatzea da asmoa.

Bideoak egiten ikasi nahi duen orori zuzenduta, bideogintza ikastaroa antolatu du Gaztetxeak datorren astelehenerako, apirilaren 16rako. Ikastaroa 18:00etan hasiko da, eta bi ordu inguruko saioa izango dela aurreikusten bada ere, parte-hartzaileek hala nahiko balute luzatzeko aukera egongo da. Bertara animatzen direnek bideoak editatzeko programen tresnak erabiltzen ikasiko dute, Gaztetxeko kideen laguntzaz. 

Bideogintza tailerrera animatzen diren lagunek beren ordenagailua eraman beharko dute, tresnak instalatzeko eta horiek nola erabili jakiteko. Interesa duen norbaitek ordenagailurik ez balu, berdin-berdin ager daiteke Gaztetxera, bertan azaldutakoak eta ikasitakoak etorkizunerako baliagarri izango zaizkiolako.

Sortzera animatzeko bultzada

Herritarrek ezkutuan duten sortzaile sena piztu nahi du Gaztetxeak, eta film laburren txapelketa bezala, bideogintza tailerra ere horretara dator. Izan ere, apirilaren 26ko Film laburren txapelketan parte hartu nahi duten pertsonei laguntzea ez ezik, herritarrak herritarrak beraien edukiak sortzera animatzea da Gaztetxeko kideen asmoa.

Txapelketarako aukeratutako gaia Joseba Sarrionandiaren Ez diren gauzak olerkiaren aurreneko esaldia da, eta horrela dio: Litezkeen gauzarik ederrenak ez dira. Parte-hartzaileek nahi duten eran jolas dezakete gaiarekin, eta beraiek erabaki beharko dute zein ikuspuntutatik heldu gaiari: umoretik, dramatismotik, aldarritik, zentzugabekeriatik, salaketatik... Txapelketara aurkezten diren film laburrek bi minututik zortzi minutura arteko iraupena izan beharko dute. Sortzera animatzen den pertsona orok har dezake parte Gaztetxeak antolatutako film laburren txapelketan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa