Errimeren agurrak eta Anariren doinuek sorgindutako ostirala

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie | Aisia | Argazki galeria
2018-02-14 15:19

Ostiral berezia izan zen joan zen astekoa Azpeitiko Gaztetxean. Berezia bezain ederra. Izan ere, oholtza elkarbanatu zuten Errime eta Anari taldeek bertaratu ziren 300 lagunen gozamenerako.

Errime izan zen oholtzara igotzen aurrena, azken zuzenekoa emateko. Ohi bezala, entzuleen belarriak asetu zituzten beren doinuekin eta abestietako mezu ezkutuekin. Aurreneko maketarako sortu zituzten abestiak ez ezik beste artista batzuenak eskaini zituzten ordubete inguru iraun zuen kontzertuan. Taldea sortu eta orduz geroztik Bidelagun izan dituztenei eskerrak emanez agurtu zuten beren jarduna Azpeitiko eta Zarauzko musikari-sortzaileek, entzuleen txalo zaparrada artean. Ondoren, Anarik eta bere taldeak hartu zuten Gaztetxeko oholtza handia, eta haien abestietan barna murgildu ziren hitzordura bertaratu ziren lagunak. 

Duela bi urte hasi zen Errimeren hegaldia. Jon Gurrutxaga, Unai Martinez, Felipe Murillo eta Asier Aizpuru azpeitiarrek eta Paul Beitia eta Patxi Gabilondo zarauztarrek sortu zuten proiektua. Sorkuntza Bekari esker aurreneko maketa kaleratzea lortu zuten 2016ko urrian. Lehen kontzertua, aldiz, 2017ko martxoan eskaini zuten, Sanagustin kulturgunean. Orduko hartan Ruper Ordorikarekin elkarbanatu zuten kartela. Aurreneko zuzenekoaren ostean beste hainbat eman dituzte Euskal Herriko zenbait txokotan. Gaztetxean amaitu du Errimek gazte sorkuntzatik abiatutako ibilbidea, baina Gurrutxagak joan zen ostiralean esan zuen moduan, ezin jakin etorkizunean zer gertatuko den. 

Azpeitiko Gaztetxeak eskerrak eman nahi dizkie Errimeko kide guztiei agurreko kontzertua etxean emateagatik. Gaztetxea zuen etxea ere bada!

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa