50ak Libre! Epaiketa politiko gehiagorik ez!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie | Politika | Argazkia
2018-01-09 21:58

Bi urte baino gehiago igaro dira, eta hemen gaude berriro ere. Badirudi beste bizitza batean izan zela 2013an Urduñan Ernaik ospatutako Gazte Danbadako ekitaldiaren harira, 9 euskal herritar terrorismoari gorazarre egitea leporatu eta 2 urteko espetxe eskaerarekin Madrilera, Audientzia Nazionalera, jaitsarazi gintuztenetik. Xabier Lopez Peña euskal presoa hil zen bat-batean ospitalean, baina espainiar justiziak, nahiago izan zuen beste albo batera begiratu, eta gu ikertu. Gazteok ekitaldian berari eta bere sendiari egindako elkartasun keinua, baita Topatu proiektu komunikatiboak egindako albistea ere, delitu bihurtu zituzten.

2015eko maiatzean jarri zigun epaiketarako data Angela Murillo epaileak, Segi gazte antolakundearen kontrako makro-epaiketan aste batzuk lehenago talde-terroristako kide izatea egotzita 7 gazte espetxeratu zituen epaile berberak, hain zuzen. Hainbat hilabetez luzatu zen fartsa izan zen epaiketa hori, gazte mugimendua, gazte militantzia, eta oro har, euskal gazteria kriminalizatzea eta zigortzea helburu zuena. Azken hilabeteotan agerian geratu den espainiar justiziaren erabilera politikoaren bidegabekeria bat gehiago izan zen hura. Epiaketa politiko bat, finean.

Horregatik, epaiketa iristean, interes politikoen gainetik dagoen justicia defendatzeko desobedientziaren aldeko hautua egin genuen ekimen sinboliko baten bidez: epaiketako une batean, 8 akusatuok altxatu, eta akusatuok zein orduko publikoak soinean generamatzan libre kamisetak kendu eta Angela Murillok espetxeratutako gazteen aurpegik utzi genituen agerian. Keinu sinboliko hori nahikoa izan zen 8 akusatuak zein elkartasuna adieraztera joan ginen lagun guztiak desordena delitu baten aitzakiapean auzipetzeko. Epaiketa politiko bat hau ere.

Ironikoki, aste batzuk beranduago, Auzitegi Gorenak berak arrazoia eman zion gure aldarrikapenari eta Bergoi Madernaz, Ainhoa Villaverde, Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban aske utzi.

Hala ere, hemen gaude denok berriz ere bi urte beranduago, Alcala de Hernareseko epaitegian, Euskal Herri osoko eta Madrileko 50 gazte, bakoitzak 5 hilabeteko espetxe eskaera bizkar-gainean. Euskal herritar gehiegik egin behar izan duten eta egiten jarraitzen dugun bidea eginez berriro. Elurrez eta izotzez betetako errepideetan bidea arriskatuz, soberan ez dugun dirua xahutuz eta indar fisiko zein psikologikoak ahituz. Duela ez hainbeste bide bera egin zuten lagun batzuek zioten bezala, “basque lives matter”, baina ez justizia espainolari. Denborak aurrera egingo ez balu bezala, epaitegietara kateatuta nahi gaituzte, isunek eta espetxe eskaerek itota, hari fin baten gainean kolokan beti… baina guk argi dugu, bide luze batean jarri nahi dizkiguten harriak dira, elkartasunak eta borrokak merezi dute.

Horregatik, epaiketa honen zentzugabekeria salatu nahi dugu. Noren buruan sar daiteke kamiseta batzuk erakusteagatik, edo besterik gabe, lagunei elkartasuna adierazteko epaitegian bertan egoteagatik norbait auzipetzea? 50 lagun auzipetzea? Euskal Herria zapaltzeko errepresioa eta epaitegiak erabiltzen dituztenen buruan bakarrik. Badirudi ez dutela ulertu epaiketa bat gehiago ez dela nahikoa izango elkartasuna eteteko, lege eta sententzia injustuei men egiteko. Hamaika bider frogatu dugu alferrikako estrategia dela, eta gaur ere hala egingo dugu. Errepresioaren eta mehatxu judizialen gainetik, euskal gazteriak libre bizi eta borrokatzen jarraitzeko apsutua egiten dugu!

Azkenik, bukaezinak diren prozesu judizial hauetan zehar utzi gaituen Periko Solabarria gogora ekarri nahi dugu. Danbadako ekitaldian auziperatu zuten hura ere, eta osasun arrazoiak zirela eta ezin izan zen madrilera jaitsi. Zalantzarik gabe, bestela, gurekin jaitsi beharko zuen hark ere. Azken unera arte borrokalari nekaezin, hilabete beranduago utzi gintuen. Azken unera arte LIBRE bizi izan zen, guk geuk ere egingo dugun bezala!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa