Jaiotza alternatiboak plazara eramango ditu Gaztetxeak zapatuan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2017ko abe. 18a, 09:22
Urte sasoi honetan, herriko hainbat etxetan ohikoa da jaiotza edo 'naximentua' jartzea, baita ganbarako edo garajeetako trasteak astindu ostean, Gabonetako zuhaitza ipintzea ere. Gaztetxeak, ordea, ez du horrelakorik egingo, beste proposamen bat egitera dator eta. \ \ 'Naximentuak' plazara eramango ditu zapatuan, Din Dan Oi! egunerako prestatutako egitarauaren barruan. Ez edozein jaiotza gainera, alternatiboak baizik. Gazteek eta nahi duten herritar orok buruak astintzea nahi du Gaztetxeak, kristautasunak bultzatutako irudi horri buelta bat ematea, eta irudi horretan oinarrituta beste bat sortzea. Izan daiteke kritikarako, kritika umoretik egiteko, besterik gabe burutik pasatutako harrikada handienak bertan irudikatzeko...\ \ Horregatik, Gaztetxeak dei egin nahi die herritarrei anima daitezen beren buruak eta sortzaile sena astintzera, eta egindako jaiotza alternatiboak edo aldarrikatzaileak plazara ateratzera. 'Naximentua' non egin ez dutenek, Gaztetxera hurbildu besterik ez dute.\ \ Egindako jaiotza alternatibo guztiak sanagustinpean izango dira ikusgai zapatuan, goizetik eguerdi aldera arte. Arratsaldean jarraituko du Din Dan Oi! egunerako prestatutako egitarauak. Verratër eta Baserriko Ollaxkue Labien taldeak igoko dira Urtzi tabernako oholtzara, 17:00etan hasita. Gauean, berriz, Fridays Crew eta Bultz! taldeak izango dira zuzenekoa eskaintzen, Gaztetxean. 23:00etatik aurrera, bi taldeak disko berriak eskainiko dituzte Gaztetxeko oholtzan.