Stencil tailerrari ekingo dio Gaztetxeak bihar

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2017ko abe. 11a, 12:37

Hasteko, bi saio eskainiko dituzte Gaztetxeko kideek, eta biharkoa da aurrena. Ikastarora bertaratzen direnek, marrazkiak egiteko stencil teknikaren oinarriak ikasiko dituzte, besteak beste.

Ekintzaz betetako azaroa agurtu ostean, beste horrenbeste jardueraz betetako egitaraua prestatu du Gaztetxeak abendurako. Besteak beste, independentziaz eta ikasle mugimenduaz hitzaldia, Din Dan OI! eguna ta Oi denk! Zirkue ikuskizuna izango dira datozen egunetan Gaztetxean. Baina aurreneko hitzordua bihar, asteartea, izango da. Guztira, bi saio izango ditu tailerrak, eta 18:00etan hasiko da. Bigarren saioa hurrengo asteartean, hilaren 19an, izango da,  ordu berean. Interesa duen edonor bertaratu daiteke. 

Stencila serigrafia edo marrazkiak egiteko teknika bat da. Plantila batetik abiatuta sortzen dira irudiak material ezberdinak erabilita, hala nola sprayak eta brotxak. Bi saioetan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute ikastarora hurbiltzen direnek.