Emakumeen aurkako indarkeria gehiago ez!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie | Gizartea | Artikulua
2017-11-27 11:37

1960ko azaroaren 25ean hil zituen, orduan Dominikar Errepublikako diktadore zen Rafael Leonidas Trujillok, Minerva, Patria eta Maria Teresa Mirabal ahizpak, erregimenaren aurkako militante sutsuak. Urte ugari pasatu dira erailketa hauetatik, baina gaur egun, oraindik ere, emakumeen aurkako indarkeriak oso presente jarraitzen du gure gizartean zein gure egunerokotasunean. 

Indarkeria honek mila aurpegi ditu. Erailketen, tratu txarren eta bortxaketen albisteek egunkarien orriak betetzen dituzten honetan, sarritan zalantzan jartzen da indarkeriaren “definizioa”. Ikusi besterik ez dago aste honetan sekulako inpaktu mediatikoa izan duen Iruñean gertatu zen bortxaketaren epaiketa bikoitza. Epaiketa judizialaz haratago epaiketa soziala aste honetan eguneroko ogi bihurtu da sare sozial, hedabide nahiz gure ahotan. Argi gelditu da, beste behin, erailketa eta bortxaketa kasuez gain emakumeon egunerokotasuna indarkeria eta erasoz beterik dagoela. Lan prekarioak, publizitatea, irain matxistak, gauez kalean jasandako erasoak… etab. Eta sistema honek oso ongi asmatu du egiturazko indarkeria hau naturalizatu eta, Iruñeako kasuan gertatu den bezala, legitimatzen, berriro ere erasotzailearen botereaz baliatuz eta erasoa indibidualizatuz, indarkeria honen oinarrian dauden arrazoiak ezkutatuz.

Zoritxarrez, Euskal Herrian zein mundu osoan emakumeen aurkako indarkeriak gora egin du, eta oraindik ere lan asko dago egiteko arazo honekin errotik amaitu nahi badugu. Testuinguru honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu arazo honen izaera estrukturala azpimarratzea. Izan ere, gure inguruan behin eta berriro ematen diren indarkeria kasu hauek ez dira kasu isolatuak, eta ezin ditugu horrela ulertu. Botere eta indar harremanetan oinarrituriko gizarte eta sistema honen biziraupen eta erreprodukziorako ezinbesteko tresna baitira. Gizarte eredu honetan  indibidualismoan eta konpetentzia gordinean oinarrituriko harreman sozialak eraikitzen dihardugu, eta honek kapitalismoaren makinaria etengabe mugiarazten duen era berean, heteropatriarkatuaren biziraupena eta indarra ahalbidetzen ditu. Eta noski, jakin badakigu, heteropatriarkatuaren logikaren erakuslerik gordinena emakumeen aurkako indarkeria dela.

Honenbestez, beste behin, argi daukagu, indarkeria hau ahalbidetzen eta sostengatzen duen sistema eta bere barnean garatzen diren harreman sozialak errotik aldatu behar ditugula. Indar harremanetan oinarrituriko gizarte eredu hau aldatzeko beharrezkoa baita harreman sozial berriak eraikitzea, eta hauen garapena ahalbidetuko duen baldintzak sortzen jarraitzea. Beraz, eraiki dezagun gizarte eredu berri bat botere eta indar harremanetan oinarrituriko sistema kapitalista eta heteropatriarkala suntsitu eta behingoz emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa