Gaztetxeak ere bat egiten du Kataluniari babesa erakusteko gaur egingo den elkarretaratzearekin

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2017ko ira. 28a, 11:40

Mezu labur honen bitartez, Azpeitiko Gaztetxeko kideok babesa adierazi nahi diogu urriaren 1ean Katalunian egingo den autodeterminazio erreferendumari, eta gaur 19:00tan Azpeitiko Gure Esku Dago herri eragileak deitutako elkartasun kontzentraziora atxikitzen garela jakinarazi nahi dugu. Kontzentrazioaren deitzaileen artean agertu ez izanaren arrazoiak gure izaera asanblearioan datza; izan ere, Kataluniako egoeraren larritasunak presa berezia badu ere, kontzentraziora batzeko erabakia kide guztion artean adostu nahi genuen.

Egoera historiko honen gako politiko nagusia 78ko erregimen demokratiko kapitalistaren hausturan dago; historia garaikidean zehar iraultza burgesa bizi gabeko estatu espainiarra. Kataluniako herritar zein instituzioek Espainiar konstituzioari uko egin eta autodeterminaziorako galdeketa desobedientziaz burutzea erabaki dute, azken urteetan izandako mobilizazio herritarrei zein mugimendu instituzionalei azken bultzada emanez. Aurreikusitako agertoki politikoaren arabera, urriaren 3an Kataluniako instituzioen independentzia aldarrikatuko da; eta Espainiar estatua haustearen ondorioz, orotariko prozesu eratzaileak martxan jartzeko aukerak zabalduko ditu agertoki berriak, inongo zalantzarik gabe.

Erreferendumarekin bat egiten dugun arren, hausnarketarako tartexo bat ireki nahi genuke, horizontaltasuna oinarri duen eta interes indibidual zein kolektiboak sinbiosian dauden espazio bateko kideak izanik, ekoizpen zein gizarte antolaketa eredu kolektibistak enseatzen gauden kolektibo gisa. Gure ustez, Kataluniako zein mundu osoko desjabetuek mahai gainean jarri beharreko galdera hau litzateke: zer motatako eta noren interesak babestuko dituen prozesu eratzailea dagokigu martxan jartzea, Herrialde Katalanetan, Euskal Herrian zein mundu osoan zehar? Zer eta nola dagokigu erabakitzea? Izan ere, gizarte kapitalista esentzia dualista duen harreman sozial eredua izaki, bikoiztasun horretako alde batek soilik egikaritu dezake bestelako harreman eredu baten artikulazioa, behetik gora eraikiko dena eta aberastasun soziala herritar guztiek ekoitzi eta gozatu ahalko dutena. Esan bezala, independentzia prozesua dagokigu martxan jartzea, azpian daudenen independentzia erreala izango dena, errealitate osoaren gaineko kontrol herritarra izango duguna. Ekoizpen (eta harreman) eredu berriak martxan jartzen dihardugu, kapa desjabetuekiko elkartasunezko espazioak ireki ditugu, antolakuntza politiko horizontalak enseatu ari gara, festa eredua merkantilizazio harreman orokorretik ateratzen saiatzen gara, milaka kilometrotara bahituak dituztenekiko elkartasun mugagabea adierazten dugu, langile babesa artikulatzen dihardugu… eta abar luze bat, noski. Horra hor gure independentzia, egunerokotasunean gauzatzen duguna, inposatu zaigun eta zapaltzen gaituen harreman sozial eredu dominantearen aurrean.

Honekin guztiarekin eta Katalunia bizitzen ari den momentu historikoaz jabetuta, babesa adierazten diogu ostegun honetako mobilizazioari, eta gure elkartasun zein estutasunik goxoena ematen diogu ere Herrialde Katalanetan behean daudenen independentziaren alde lanean dihardutenei, pausoz pauso baina inoiz gelditu gabe.